Humanitate Digital Globalak (HDG) izeneko gradua (hau da, Unibertsitateko karrera) abiatuko du aurten Mondragon Unibertsitatean Bilbon. Gradua irailean hasiko da. Lehenago, otsailaren 8a, ate irekien jardunaldia egingo da, Bilboko Euskalduna jauregian.
Ikasketa planaren erdigunean hiru kontzeptu: humanitateak, digitalizazioa eta globalizazioa. Eta ikasketa moduluak gaur egungo gizartearen erronkak ardatz hartuta egituratuko dira: identitatea, jasangarritasuna, aberastasunaren banaketa, aldaketa teknologikoak...
Lehen zikloan, bi urtetan, euskara izango da hizkuntza nagusia. Gehienbat ingelesez eskainiko den bigarren zikloan, berriz, bi espezializazio izango dira: Global Studies eta Digital Humanities. Bi irakasle euskaldun, Monika Madinabeitia eta Aitor Zuberogoitia, dira graduaren koordinatzaileak.
Bilbon, Zorrotzaurren egiten ari diren kanpus eta garapen poloaren inguruan kokatuko da karrera, baina aldi berean ikasgelako hormez harago hiriarekin eta hiriarentzat ikasteko aukera eskainiz. Ideia hori garatzeko Uniberziutatea kontzeptua sortu dute, unibertsitatea Bilboko hiri osora zabaldu eta gizarte-eragileen eta mundu akademikoaren arteko lankidetza-ekosistema sustatzeko asmoz. Ideia horri jarraiki, Mondragon Unibertsitateak UniberZiutatea nazioarteko mintegia antolatu zuen iragan abenduan Bilbao Berrikuntza Faktorian (BBF): “Educating For and With the City” lelopean, nazioartetik etorritako antropologo, soziologo eta hezitzaileek eta Bilboko gizarte-eragileek hiriaren eta unibertsitatearen arteko harremana jorratu zuten.
Gradu berriak, bestalde, hitzarmenak sinatu ditu Euskal Herriko zenbait enpresa eta erakunderekin, heziketako moduluetan erakunde eta enpresa hauen esperientziak barneratzeko eta aurrera begirako kolaborazio aukerak prestatzeko. CodeSyntax da hitzarmena sinatu duen enpresa horietako bat, Sustatu egiten duen Interneteko konpainia. Jarraian bideo honetan, CodeSyntax-eko Luistxo Fernandez eta beste lagun batzuk agertzen dira karrera berriaren nondik norakoak azaltzen.
Otsailaren 8an, larunbatarekin, ate irekien jardunaldia egingo da Bilboko Euskalduna Jauregfian, Humanitate Digital Globalak (HDG) aurkezteko. Bertaratu gura izanez gero, idatzi neskibel (a bildua) mondragon.edu helbidera.
Erantzun
Sartu