Teknologia albisteak
1

Karta-sortak euskaraz, Wikipediako datuekin

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-01-24 : 09:41

Euskarazko Wikpediaren txio batetik jakin dugu Wikidata erabiliz "karta-jokoak" osatzeko tresna honena. Euskaraz ere funtzionatzen du, eta parametro mordoarekin, nahiz eta askotan emaitzak partzialak diren. Wikidata Card Game Generator du izena.

32 kartako multzoak ateratzen ditu sistemak, hainbat hizkuntzatan. Euskararen kasuan, fitxak euskaraz badaude, euskarazko edukia agertzen da. Kartak hornitzeko datuak ere euskaraz agertzen dira izendatuta, baldin eta aldagai horiek euskaratuta badaude Wikidatan, Wikipediari laguntzen dion datutegi erraldoi eleanitzean. Irudi adierazgarriak ere itsasten ditu sistemak. Kartak irudi digitalak dira noski... hortik kartoira inprimatu eta moztea, norberaren lana.

Goiko adibidean, elementu kimikoak eskatu ditugu, eta 32 karta mean dizkigu sistemak. Ia osorik dago euskaratuta irudi grafikoa salbu eta P1108 Wikidatako aldagaia (elektronegatibotasuna: hau argitaratu orduko akaso berriztu da Wikidatan, ze hori egiten saiatu gara).

Balio batzuetan kartak besteak baino hobeak izanik, jokalariekin zein aldagairekin kartak botatzea erabakitzen dute txanda bakoitzean, balio onenak bereganatzen dituelarik kartak.

Beste karta sorta honetako irudia munduko hainbat zubiekin lortu dugu. Batzuk izendatuta ageri dira euskaraz, eta beste batzuk ez, orririk ez dutelako oraindik, baina hala ere datuz eta irudiz hornituta agertzen dira.

Q162170 elementua Cliftongo zubia da Ingalaterran, eta oraingoz ez du euskarazko Wikipedia orririk... inork sortzen badu bertsioa, karta berriztuko da inork eskatzen badu sistema honetatik.

Wikidatako elementuen Q-aldagaiarekin jolas dezakezue, URL-en bidez ( https://cardgame.morr.cc/?Q11344&lang=eu ) sorta desberdinak sortzeko. Askotan ez dago emaitzarik, eta beste batzuetan karta gutxi batzuk agertzen dira sorta harrigarri bezain absurdoak emanez.

Tresna hau sorty dute @blinry eta @Bleeptrack garatzaileek. Kodea librea da eta GitHub-en dago, inork honen gainean lan egin nahi badu.

Erantzunak

2020-01-27 : 11:38

Karta horiek erabili daitezke Moodle H5P Flashcard txartelak egiteko. Horretarako kartaren pantaila egin eta izena ezabatu behar da.

https://elearning3.hezkuntza.net/013157/mod/hvp/view.php?id=5041&forceview=1

Erantzun

Sartu