Teknologia albisteak

EAEko eremu sozioekonomikoan euskara bultzatzeko plana (2020-2023)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2020-01-10 : 09:04

Eusko Jaurlaritzaren 2019ko azken jardueretako bat izan zen "Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana", 2020-2023 epealdirakoa, aurkeztea (ikus albisteak Berrian eta agentzia baten kontakizunean). Enpresaren eta merkataritzaren esparruetan euskara sustatzea da koxka. Planaren dokumentuari begiratu diogu Sustatun, eta puntu batzuk nabarmendu nahi izan ditugu.

 

Batetik, planak bost helburu nagusi markatzen ditu

  • Euskararen ezagutza.
  • Euskararen erabilera.
  • Hizkuntza eskubideak.
  • Gizartearen aktibazioa.

Helburu horietan aurrerakuntzak lotu aldera, planak eragile hauek aipatzen ditu:

  • Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetza,
  • Eusko Jaurlaritzako gainontzeko sailak,
  • beste erakunde publikoak,
  • enpresak,
  • langileak,
  • aholkularitza-sektorea

Erabiliko diren tresnak alor hauetakoak izan beharko dira:

  • legedia,
  • diru-laguntzak,
  • ziurtagiriak,
  • komunikazioa eta sentsibilizazioa,
  • sareak, foroak,
  • ikerketa.

Helburu orokorretatik aparte, arlo giltzarri edo lehenetsi beharreko batzuk markatu dira:

  1. hizkuntza-paisaia eta ingurune digitala,
  2. zerbitzu hizkuntza,
  3. gaitasuna,
  4. gizartearen aktibazioa,
  5. aukerak zabaltzea.

Alor hauetako bakoitzean adierazle batzuk markatu dira, 2023ko helmuga puntuan osatuta egotea espero direnak. Lehen puntu horretan, ingurune digitala aipatzen delarik, zerbait funtsezkoagoa espero genien baina ez dago adierazle oso zehatzik, bakarrik aipatzen dira puntu hauek, dagokien adierazlearekin:

  • Enpresen inplikazioa indartu > Enpresekin lortutako hitzarmen kopurua
  • Lortutako akordioak eta aurrerapenak gizarteratu > Gizarteratzea lortzeko burututako ekintza kopurua

Beste puntu batzuetan, pixkat gehiago zehazten da, 4. puntuan (gizartearen aktibazioarenean), ekintza hauek zerrendatzen dira:

  • 4.1.- Euskarazko zerbitzuen eskaera sustatzeko sentiberatze kanpainak bideratu.
  • 4.2.- Enpresei zuzendutako sentiberatze kanpainak bideratu.
  • 4.3.- Sektore arteko foroak bultzatu lankidetza ekimenak sortzeko.
  • 4.4.- Enpresa eta puntako markekin akordioak lortu aktibazioa bultzatzeko.

Bestalde, planak eremu estrategikoak deitzen dituen eskualde batzuk markatzen ditu, bi multzotan, euskara lan-munduan sustatzeko estrategikoak izan daitezkeen eskualde geografikoak hain zuzen. Honako hauek, hain zuzen:

1. Multzoa: EAEko hiru hiriburuen eskualdeak (Bilbo Handia, Donostialdea eta Gasteizko ingurunea) eta Behe Bidasoa.

  • Bigarren gune soziolinguistikoko guneak (euskaldun kopurua % 20 - % 50 artean).
  • Zerbitzuen sektoreak pisu handia du, eta baxuagoa industriak.
  • EAEko establezimenduen eta enpleguaren hiru laurden biltzen dute guztira.
  • Enpresa txikiak dira gehienak, baina saltoki handiek eta frankiziek pisua hartu dute.

2. multzoa: Durangaldea Bizkaian eta Deba zein Oria ibaien arroak Gipuzkoan (Debabarrena, Debagoiena, Tolosaldea eta Goierri).

  • Hirugarren gune soziolinguistikoko guneak (euskaldun kopurua % 50 baino gehiago eta % 80 baino gutxiago).
  • Industriak pisu handia du.
  • EAEko enpleguaren % 15 biltzen dute guztira.
  • Tamaina handiko zenbait enpresa daude.

Gure laburpena besterik ez da hau, kontsultatu dokumentu osoa hemen (PDF).

(ilustraziorako aukeratu dugun irudia, Euskaraldiaren aldeko agerpen bat Euskaltel telekomunikazio enpresan).

Erantzun

Sartu