Santiago Abascal Vox alderdiko politikari arabarraren Facebook-eko orrian ikusi dugu kasua, baina beste batzuk ere gertatzen ari direla ere jakin dugu: bideo bateko edukia faltsua bada, Facebook-ek ez du ezabatzen, baina "gortina" bat ezartzen dio faltsutasunaren berri emanez.
Fact-Check izeneko prozesu bat ezarri zuen iaz Facebook-ek, eta Espainian bi erakunderekin egin du akordioa eduki faltsua detektatzeko: Maldita.es eta Newtral taldeak. Baliteke iaz ere hastea Espainian aplikazio praktikoa, baina badirudi 2020 honetan areagotu egin dutela kontrola.
Erakunde horietako batek eduki bat okerra dela zertifikatzen badu, nolabait informazioa iristen da Facebook-era eta han marka hori ezartzen zaion bideoari. Horixe da une honetan Abascaleko hormako eduki honi (une honetan, asteazkena 15.30etan, sarean dago, ikusiko dugu aurrerago) gertatzen zaiona. Bideoa ikusteko aukera hor dago, dena dela. Edukia ezabatzekotan, Abascalek berak egin beharko du.
Izatez, bideoa ez da faltsua (Madrilen grabatu zen, Espainiako Kongresuan, urtarrilaren 5ean), baina bai bere interpretazioa: Mertxe Aizpurua EH Bilduko parlamentaria Kongresuko hizlarien tokian dago, eta PSOEko parlamentariak txaloka ari dira. Baina izenburuan eta mozketa zehatzean dago tranpa: Aizpurua irainez eta zalapartaz eten zuten horietako batean, Kongresuko presidenteak, Meritxell Batet sozialistak, hitza hartu zuen errespetua eskatzeko, eta horri egin zioten txalo sozialistek.
Hortaz, okerra da interpretazioa sozialistek Bilduri txalo egin ziotela, hori da Maldita.es erakundeak ateratako konklusioa. Maldita.es sortu da Interneten indarra hartzen joan diren bi ekimenen harira, Maldito Bulo (gezurrak salatzekoa) eta Maldita Hemeroteca, politikariei iraganean esanak gogorarazten dizkiena.
Maldita.es taldeaz gain, Facebook-ek Newtral taldea ere zertifikatua dauka Espainian salaketa hauek egiteko. Newtral Ana Pastor kazetari espainiarrak (La Sexta telebista kateko aurkezle ezaguna) sortu zuen 2018an. Gure aburuz, ikuspegi espainola dute erakunde hauek, eta euskarazko albisterik analisatzeko gaitasunik dutenik ere ez dugu uste. Ikuspegi politikoaren adibide gisa, hara Newtralek "analisatu" zuen baieztapen bat, iazko azaroko hauteskunde kanpainakoa: Pablo Iglesias Podemos-eko politikariak esan zuen Espainiak lotsarik gabe identifikatu beharko lukeela bere identitatea "estatu plurinazional" bezala, "Europan beste batzuk diren bezala, hala nola Erresuma Batua ala Suitza". Nonbait, Newtralek aztertzekotzat jo zuen ea "egiazkoa" den estatu horien plurinazionaltasuna, eta iritzi akademikoekin jantzitako azterketa hau argitaratu zuen: ezertxo ere esaten ez duen pieza bat, ondo irakurtzen baduzue
Erantzun
Sartu