Universe Sandbox bideojoko bitxi bat da, simulazioen familiakoa, baina oinarri erreal-errealekin egina: fisika da koxka, maila planetarioan. Sortu gorputz estelarrak, hau da, eman forma planeta, satelite edo galaxiei, eta masa eta denboraren arabera nola eboluzionatzen duten ikusi. Eb
Gorputz bat sortu egin daiteke parametro fisikoak emanez, edo bestela "artxibategia" erabil dezakezu, eta berez kargatuta daudenak erabili: liburutegi birtual horretan Eguzki Sistemaren simulazio oso bat dago, non zortzi planetak, bost planeta nanoak, 160 satelite baino gehiago eta ehundaka asteroide dauden.
Eguzkitik gertuen dauden mila izarren katalogoa ere badago, eta eskala handiagoan, galaxien bilduma bat dago, zeinarekin, esate baterako, Andromeda eta Esnebidearen galaxiek nola talka egingo duten simulatu daiteke (4 mila milioi urte barru gerta liteke hori).
Gorputz asmatuak sortuz, eta berezko liburutegia erabiliz, simulazio benetan interesgarriak egin daitezke. Hona The Action Lab Youtubeko kanalak prestatu duen bat. Hondar ale bat "eraiki" dute, eta Lurraren kontra jaurti, argiaren abiaduraren %99an. Noski, argiaren abiadura ezin da gainditu, eta hortaz, Universe Sandboxen simulazioak ere ezin du azkarragorik irudikatu, bere oinarri matematikoak fisika ezagunean oinarritzen baitira. Baina tira, ikusi efektua.
Lehen aproba hondar alearekin egin ondoren, gorputz handiagoak jaurtitzen dituzte Lurraren kontra, eta ikusten da nola efektu fisiko katastrofikoak gero eta larriagoak diren.
Objektu liburutegian ez bakarrik planetak, baizik eta beste objektu batzuk ere erabil daitezke: errugbi eta futbol baloi erraldoiak edo kuboak, tamaina handiarekin espazioan nola ibiliko ziren konprobatzeko (ikus artikuluko irudi nagusia). Badirudi, sareko aipu eta irudiengatik, jendeak gehien disfrutatzen duela katastrofe kosmikoak eragiten: gorputz estelarren arteko talka eta hondamendiak, zenbat eta tremendoagoak, hobeto,.
Universe Sandbox ² da, izatez, jokoaren izen ofiziala, 'bi' esponentzialak 2017ko bertsio berriena izendatzen du. Windows, MacOS eta Linux sistemetan erabil daiteke.
Erantzun
Sartu