Teknologia albisteak

2019 urteko hitza: Antropozenoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-12-31 : 12:11

Sustatuko editoretza batzordeak erabaki du demokratikoki Antropozeno hitza dela 2019ko hitza. Antropozenoa garai geologiko bat adierazten duen terminoa da: gizakiak dagoeneko hasi duen garai geologikoa da. Besteak beste, Tokikom sarietan euskal hedabide baten azal onenari saria eman zitzaionean, hori izan zen gaia (Goienkariaren Puntua gehigarrian agertu zen), eta huraxe ekarri dugu hona artikulua ilustratzeko.

Estrato geologikoetan desberdintzen dira garai geologikoak, adibidez Kretazeoa eta Paleogenoaren muga argia da geologoentzat estratoetan, eta bien arteko muga markatzen du dinosauroen estintzioa ekarri zuen meteoritoaren talkak. Muga hori oso argi ikusten dute zientzialariek euskal kostaldeko flyschean, bereziki Zumaiako Itzurun hondartzako harrietan (K/T muga esaten zaio arrasto geologiko hori). Noski, antropozenoaren markak ez dira oraindik ikusten estrato geologikoetan, baina egon egongo direla argi dago: milioika urte barru gizakiaren eraginaren aztarna geologikoa agerikoa izango da etorkizuneko lur eta harkaitzetan.

Are gehiago, antropozenoak ez du esan nahi bakarrik lur depositoen itxura aldatuko dela: beroketa globala, espezieen estintzio masiboa, ekosistemen eraldaketa eta are lurraren beraren eraldaketa fisikoak (makro-meategiak, tunel, errepide eta hirien eragina, zabor pilaketa erraldoiak), denek bat egiten dute Lurraren historiaren eta bizitzaren eboluzioaren aro-aldaketa erradikal batean. Eta eragina globala izango da, planeta osoari eragingo diona. K/T mugan dinosauroak desagertu ziren, eta beste egoera ekologiko erabat desberdina etorri zen gero, ugaztunen ugalketa eta dibertsifikazioaren. Antropozenoaren mugak espezie asko desagerraraziko ditu, eta gizateriak eta zibilizazioak ere nola iraungo duten ikusteko dago.

Eztabaida dago ea antropozenoa industrializazio eta globalizazioarekin hasi den, hau da, duela apenas ezer, edo lehenagotik datorren. Zientzia Kaierak artikulua zekarren irailean, Alejandro Zearreta euskal geologoaren lanak aipatuz: bere ikertaldearen datuen arabera, agian duela 3.000 urte ere gizakiak eragindako eraldaketak jada geologikoki eta ekologikoki esanguratsuak dira, antropozenoa orduan hasi zela esateko.

Gaia interesatzen bazaizu, Anthropocene izeneko dokumental eder bat dago. 2018ko Kanadako lan bat, Anthropocene: The Human Epoch izen osoa duena, eta proiektu multidiziplinarra, argazkigintza ere tartean duela (Edward Burtinsky argazkilariaren lana tarteko dela). Hain zuzen ere, Zumaiako Itzurungo flyscha agertzen da filmaren une batzuetan. Aro geologikoen pilaketa ikustarazten digute hondartzako estrato ia bertikal ikusgarriek, baina aldi berean, filmaren amaieran, eszena batean, flyscharen ikuspegitik kamera aldentzen da udatiarrak ageri dira, egun eguzkitsu batean: Itzurungo humanoen presentziak mundua eraldatzen duela ulertzen dugu irudiok ikustean.

Erantzun

Sartu