Teknologia albisteak

Wikipediaren gorakada 2019an, bereziki premiazko edukietan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-12-16 : 12:40

Euskal Wikilarien Elkarteak euskarazko Wikipediak 2019. urte honetan izandako datu on batzuen berri eman du zenbait txiotan azken asteotan. Artikuluen kopuru absolutuetan euskara orain 29. postuan dago, orain urtebete baino 2 postu gorago. 342.431 artikulu ditugu, iaz baino 33.165 artikulu gehiago (%9,7 hazi gara artikulu kopuruan). Baina bereziki nabarmentzen da gorakada kalitateari begira Wikipediak ezarrita dituen bi neurgailutan: Hezkuntza Programan eta Funtsezko Artikuluen biltegian.

Esate baterako, azaroan, funtsezko artikuluen tamainan gehien hazi zen Wikipedia izan zen euskarazkoa.

Funtsekoz artikuluen zerrenda edo Wikipediako hizkuntza-bertsio guztiek edukitzea komeni dena, 4 mailatan banatzen da Wikipedian, eta horietako bakoitzean zerrendatzen du Euskarazko Wikipediak nola dagoen egoera une bakoitzean. Adibidez, hemen ikus 2. garrantzi mailako artikuluen egoera. Egoeraren berri ematen duten ikurrentzako gida hauxe da:

Bada, artikulu funtsezkoen "sailkapenean", 50. lekuan egotetik 42.ean egotera igaro da euskarazko Wikipedian. Eta tamainan ere handitu dira, artikuluen karaktere kopuruaren batazbestekoan eta medianan.

Funtseko artikuluen kontu honetan, atal berezi bati ematen zaio garrantzia euskarazko Wikipedian: Hezkuntza Programa deritzona, zeinean inbertsioa egin duen Jaurlaritzak dirutan eta Euskal Wikilarien Elkarteak baliabideetan. Eremu honetan, programa hasi zenetik artikulu izendatuen edukia bikoiztu egin da. Alorrez alor, fisika eta kimikan bereziki, artikuluen tamaina %255,45 hazi da, bakarra falta da sortzeke eta ez dago artikulurik 1.000 bytetik behera. 20.000tik gorako taldea bereziki handitu da.

Ikus hari honetan nola Hezkuntza Programako artikuluen edukia handitu den azken bi urteetan, alorrez alor.

Beste datu aipagarri bat, Wikidataren erabilpenean ere gora goazela, eta kasu horretan "elitean" gaude ia, 11. Wikipedia gara Wikidataren erabilpenaren arabera.

 

 

 

 

 

Erantzun

Sartu