Teknologia albisteak

PuntuOrg domeinuak arriskuan egon daitezke

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-12-15 : 10:10

Duela 20 urteko Interneteko domeinuen panorama sinpleagoa zen: .com, .net eta .org orokorrak zeuden salmenta librean, eta gero estatuz estatu, .es edo .fr edo dena delakoak. Gaur egunean, domeinu generikoen ugaritasunarekin (tartean .eus euskalduna), hasierako hiru orokorren preeminentzia aldatu da, eta haien kudeaketa ere aldatzera doa. Ondorio bat izan daiteke garestitzeko arriskuan egon daitezkeela, eta bereziki, .org domeinuen kudeaketa diru-funts baten esku gera daitekeela jakitea kezkarako motibo da nazioartean.

Urteetan, .org domeinuak Internet Society Interneteko irabazi asmorik gabeko erakundeak kudeatu ditu, tarteko sozietate bat tarteko (PIR izenekoa), prezio egoera onuragarrietan, zeren eta .org domeinuen helburu originala irabazi asmorik gabeko erakundeen webguneak bertan edukitzea zen.

Orain, PIR delakoak .org-en kudeaketa Ethos Capital izeneko diru-funtsari saldu nahi dio. Gobernuz kanpoko erakunde askok eta Interneteko ekintzaile askok arduraz ikusten dute hau, eta kanpaina bati ekin diote salmenta gelditzeko. PIR eta Internet Societyri zuzentzen zaizkie webgune honetatik, Save Dot Org, salbatu puntu org.

Salmentaren auzia, gainera, sekretismoz eraman nahi izan dute. Prezioa miliar bat dolarretan baino gehiagotan gerta daitekeela jakin izan da azken asteetan. Eta horrek kezka areagotu du, negozio argi bat izan behar delako motibazio bakarra, eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen domeinu kudeaketan ezin liteke berezko diru.iturri handirik izan, ez bada urteroko tarifak puztuta. Domeinuen kudeaketako Icann erakundeak ere ezinegona azaldu du azken egunetan, salmentaren detaileak baldintza ilun samarretan garatzen ari direlako.

PuntuOrg domeinuen historia Euskal Herrian

Atzera begira eginez, .org domeinuen historia dago jokoan. Duela 20 urteko Com-Net-Org trinitate hartan, .com webgune komertzialentzat zen, eta .net suposatzen zen sarearekin berarekin, bere gobernantzarekin eta kontu teknologikoekin lotura zuten domeinuentzat zela. Praktikan, berdintsu zen prezioz eta erraztasunez bata zein bestea erostea, eta izatez ohikoa zen .com bat erosiz gero, .net eta .org ere hartzea, badaezpada.

Euskal webguneen kasuan, .es eta .fr ez hartzeko motibo politikoak izan zitzaketen askok, eta beste domeinuen artean, .com enpresentzako normala izan den bezala, gainerako ekimen eta erakundeek .net edo .org erabili ohi zuten. Donostia.org eta Ueu.org ziren garai batean Donostiako Udala eta UEU, eta Euskadi.net Jaurlaritzaren domeinu nagusia. Orain PuntuEus dira erakunde hauetarik gehienak. Berez enpresa izan barik ere, Sustatu.com izan zen webgune hau 2001ean sortu zenean.

Gero, beste alternatiba batzuk sortu ziren, eta .biz edo .eu domeinuak ere ikusi izan ziren Euskal Herrian. Batzuek irauten dute oraindik, hala nola Bizkaie.biz eta Tabakalera.eu.

Geratzen diren .org-etan, Sustaturen sorreran eragina izan zuen Eibar.org elkartearena dago, iazko Rikardo Arregi sari berezietan errekonozimendua jaso zuena. Bere garaian elkartean komentatu zen Eibar.eus bihurtu behar ote zen elkartea, baina bazkideek pentsatu zuten Eibar.eus herriko udal webgunearentzat izatea logikoagoa eta itxurosoagoa izango zela, eta izatez, Eibarko Udala izan zen PuntuEus-eko aitzindarietako bat.

Auziaren puntu batzuk hain zuzen PuntuEus erakundeak kudeatzen duen Sarean.eus albistegiak azaldu ditu hemen.

Erantzun

Sartu