Teknologia albisteak

Urban Klima 2050, EAEko ekimen klimatiko instituzionala

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-12-08 : 16:00

Eusko Jaurlaritzak Ihobe erakunde publikoaren bidez bultzatuta, Urban Klima 2050 egitasmoa aurkeztu da aste honetan. EAEko 20 erakundek 40 proiektu abiatuko dituzte datozen sei urteotan klima-aldaketak eragindako efektuei egokitzeko, eta aldaketaren beraren kontra lan egiteko. Europako Batasunean LIFE izendatu duten ekimen handiaren euskal adarra (EAEkoa, alegia) izango da Urban Klima 2050.


Proiektuan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako sail batzuek, hiru aldundiek, zazpi udalerrik (Bilbo, Vitoria-Gasteiz, Donostia/San Sebastián, Bermeo, Bakio, Gernika-Lumo eta Zarautz), eta ikerketa eta garapen zentro hauek: BC3 Basque Centre for Climate Change; Azti, Neiker, Tecnalia, Tecnun eta Naturklima Fundazioa. Erakunde horiez gain, beste zentro bat ere eratuko da Euskadiko klima-aldaketarekin zerikusia duten datu guztiak eta informazioa koordinatzeko.

19,8 miloi euro inbertituko dira zuzenean klima-ekintzetan, eta zenbateko horren %51 Europako Batasunak finantzatuko ditu. Life ekimaren parte izatearen ondorio, hain zuzen.

Aurreikusitako ekintzen artean, hona zenbait:

  • Bizikleta elektrikoen sare publikoak sortuko dira Araba eta Urdaibain
  • Mahastien inausketaren hondakinak erabiliko dira Arabar Errioxan biomasa moduan erabiltzeko.
  • Eraztun berde bat sortuko da Debabarrenean
  • Sistema hidrotermal bat jarriko da Urdaibain.
  • Autokontsumoa sustatzeko plana Donostian.
  • Uholdeak eragozteko neurriak inplementatuko dira Bakio, Donostia eta Araban.
  • Lagako hondartzaren leheneratze integrala; eremu degradatuak leheneratzeko plan zabalago baten parte, halaber.

Erantzun

Sartu