Teknologia albisteak

Hamar euskaldunetatik seik ez dute euskarazko webgunerik irakurtzen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-12-03 : 08:57

Kulturaren Euskal Behatokiak egindako azterlan baten arabera, EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko euskal hiztunen %56k parte hartzen dute euskarazko kultura jardueretan. Azterketa joan den ostiralean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta Interneteko euskarazko kontsumoari buruzko datu hau ere badakar: euskal hiztunen % 42,4k irakurtzen dituzte euskarazko webguneak. Hamarretik ia seik ez, beraz.

Txostenaren beste puntu batzuk nabarmentzeagatik, euskarazko komunikabideen artean irratia da gehien erabiltzen dena, euskal hiztunen % 57,4k kontsumitzen du irratia euskaraz, eta % 54,4k, berriz, telebista.

Euskarazko kultura kontsumitzeko formetan, musika da ohikoena euskal hiztunentzat. % 83,5ek entzuten dute euskarazko musika, orain dela 10 urte baino 15 puntu gehiago.

Antzerkiari dagokionez, euskal hiztunen datuari erreparatuz, % 12,6tik % 40ra igo da azken urtean euskarazko antzerkira gutxienez behin bertaratu direla esaten duten pertsonen portzentajea. Bertsolaritzan ere gorakada izan da,  % 17,3tik % 31,6ra igo da bertso-saioren batera joan den euskaldunen portzentaje.

Zineman, euskal hiztunen % 3,7k bakarrik ikusi dituzte euskarazko filmak, baina eskaintza txikiarekin izan lezake honek erlazioa, zeren eta beste galdera bat ere bazen inkesta, ‘Aukeratu ahal izango bazenu, nola gustatuko litzaizuke filmak ikustea?’; eta horri % 45,3k erantzun ddio ‘euskaraz bikoiztuak’ edo ‘euskaraz azpititulatuak’. Zaletasun potentzial gehiago badagoela ematen du, beraz.

Alor kultural hauetan gehienetan kontsumoak gora egin badu, ez da horrela gertatzen liburuekin. EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko euskaldunen % 34,5k euskarazko liburuak irakurri dituzte azkeneko hiru hilabeteetan. Beherakada ikusten da orain dela 10 urteko datuarekin alderatuta, % 38,8 izan baitzen orduan datua.

Inkesta egiteko EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko 15 urtetik gorako 6.296 lagunez osatutako lagina hartu da.

 

Erantzun

Sartu