Teknologia albisteak

"Paperak, mesedez": bideojoko interesgarri bat euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-11-09 : 09:35

Gaur betetzen dira 30 urte Berlingo Harresia erori zela (hemen bertan, Sustatun, 20. urteurreneko kontakizun nostalgiko bat). Garai haren eta "ekialdeko blokearen" muga militarizatuen estetika eta logika erabiltzen duen bideo joko interesgarri bat da Papers Please, eta euskaratu egin dute berriki: Paperak Mesedez.

 

Jokoaren zaletu batek horrela deskribatzen du jokoa: "80ko hamarkadaren hasiera da, Arstotzka errepubilka fiktiziozko mugako funtzionario izendatu zaituzte, eta zuk erabaki beharko duzu bertatik nor pasatuko den, eta nor ez. Horretarako, zenbait lan egin behar dituzu: muga pasatu nahi dutenek euren dokumentazioa aurkezten dizute, eta zuk dena ondo dagoela ziurtatu behar duzu." Estetika pixelatuak ere garai zahar bat gogoratzen du.

Nolabait jokoak funtzionario zorrotz eta gaiztoaren posizio deserosoan jartzen zaitu, baina ezin diezu denei sartzen utzi, ze jokoaren logikan kartzelara zoaz, soldata galtzen duzu, familia ken diezazukete... Sistema totalitario batean pieza totalitarioa zara.

Jokoa http://papersplea.se webgune ofizialean merke eros daiteke, 10 euro ere ez dira, eta hainbat dendetan ere aurkituko duzu (Steam, GOG, Humble Store,...). Linux, Mac eta Windows ordenagailuetarako, iPad eta PS Vitarako dago eskuragarri. Ordenagailuko hiru bertsio horietan euskaratu egin daiteke jokoa. Deskargatu hizkuntza-multzoa zip batean Game Erauntsia webgunetik, eta bertako instrukzioak jarraitu lokalizazioen 'loc' karpetan jarriz euskarazko bertsioa.

Iban Oihanguren Game Erauntsia komunitateko zaletuak egin du euskaraketa. Nola jokoaren funtsetako bat mugako paper eta dokumentazio horiek diren, elementu horiek guztiak ere euskaratuta azaltze dira; grafiko pixelatuetako pasaporte, baimen, ziurtagiri, onarpen eta zigilu guztiak euskaratuta daude eta emaitza zoragarria da (ikus gorago irudia).

Aipatu bezala, iPad eta PS Vita bertsioetan ez dago oraingoz euskaraz jokatzerik, baina garatzaileari eskatu zaio hizkuntza-aniztasuna plataforma horietara ere hedatzeko.

Erantzun

Sartu