Teknologia albisteak

Gipuzkoako "Gordailua" ezagutu eta bisitatzeko aukera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-11-09 : 11:36

Gipuzkoako  Foru  Aldundiaren  ondare  bildumen  zentroa  da Gordailua. 60.000  objektu baino gehiago biltzen ditu: arkeologikoak, etnografikoak, historikoak, artistikoak... Kultur ondasuna iraunaraztea du helburu nagusia, oraingo eta geroko belaunaldiek goza dezaten. Eta bisita gidatuak daude berori hobeto ezagurtzeko.

Ondarea biltzeko lana egiten zuen lehendik Gipuzkoako Foru Aldundiak, baina instituzio gisa eratu ondoren, Gordailua izeneko eraikin modernoa inauguratu zen 2011n, Irunen (Auzolan Kalea, 4). Bertan, objektuak zortzi biltegitan gordetzen dira, eraikinaren hedadura osoaren % 70; hots, 6.000 m2 inguru. Irudian, adibide gisa, nekazaritzako tresneria apal batzuetan.

Objektuek beren material eta konposizioaren arabera behar duten hezetasun eta tenperatura mailei eusten zaie, betiere hezetasun erlatiboa % 60tik behera eta tenperatura 18 eta 20 gradu artean. Ehunak, paperak eta metalak gordetzeko areto bereziek egokitutako parametroak dituzte. Horrez gain, badaude bulegoak, gai arkeologiko, paleontologiko, etnografiko eta artelanentzako zaharberritze-tailerrak, erregistratzeko eta argazkiak egiteko gelak, igarotze eta berrogeialdiko guneak, liburutegia, ikerketa eta kontsultarako bi gela, bai eta balio anitzeko bi areto ere, hitzaldiak, tailerrak, erakusketak, eta abar antolatu ahal izateko.

Hilean behin bisitak eskaintzen dira publiko orokorrarentzat. 2019an geratzen den tartean, hiru ostiraletan izango dira aukerak, kasu guztietan 17:00etan  gaztelaniaz eta  18:00etan euskaraz egingo direlarik bisitak. Beharrezkoa da izena aldez aurretik ematea, hemendik. Hauek dira tematika nolabait desberdina duten hurrengo bisita horiek:

  • Azaroak 15: Gordailuan jostaketan: aisiaren ondarea.
  • Azaroak 29: Ruiz Balerdi: gipuzkoar artista bat Gordailuan.
  • Abenduak 13: Arkeologia ospitalean: nola sendatu eta sendotu ondarea.



Erantzun

Sartu