Teknologia albisteak

Nafarroako mintzataldea aragoierazko Charrín Charran TB programan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-11-02 : 10:01

Maiatzean jaio zen Aragon TV Aragoiko telebista autonomikoan Charrín Charrán aragoierazko telebista programa, hizkuntza honetan egin den telesaio bakarra historian. Oso gutxitutako hizkuntza da aragoiera, eta telebista programa honekin aurrera egin duten arren, beste alor batzuetan arazo izugarriekin ari dira hizkuntzaren defendatzaileak. Esate baterako, Huesca hirian sarrerako kartel elebidunak, ongi etorria ematen zutenak Uesca hirira, kentzeko bozkatu dute udaleko zinegotzien gehiengoak.

Charrín Charrán esamolde erdi-onomotopeiko bat da, berriketaren sinonimoa, euskarazko Firin Faran formatik ez oso urruti dagoena.

Igande goizetan ematen dituzte saioak Aragon TV-n, 25 bat minutuko atalak, eta gero Interneten ere agertzen dira. Hona urriaren 20ko atala, non Nafarroako colla de fablans edo hiztun talde bat ageri den, Iruñean elkartzen den aragoieraren mintzatalde bat. Hiru lagun ageri dira, eta dirudienez, biren interesa piztu zen Nafarroako erromantzean bertan gertuko hitzak agertzetik... (ikus 18. minututik aurrera).

Hiztunekin topaketak, Aragoiko kultura kontuak, umeentzako atalak eta "atal linguistikoa" ere badu Charrín Charranek, azken atal hori Juan Pablo Martinez irakasleak zuzendua. Martinez aragoierazko softwarearen eta teknologien sustatzaile sutsu bat da.

 

Erantzun

Sartu