Teknologia albisteak

Yahoo Groups ia itxita geratuko da datorren astean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-10-24 : 08:41

Datorren astean (urriak 28) Yahook murriztu egingo ditu Yahoo Groups posta-zerrendak kudeatzeko sistema historikoaren gaitasun asko: artxiboak desagertu egingo direla ematen du, eta mezu banaketak jarraituko duen arren, harpidetza aukerak asko murriztuko dira. Garai batean, euskarazko Interneteko jardunaren ardatzetako bat izan zen Yahoo Groups, baina oraingo murrizketa hauek ez dute eraginik izango ia inorengan ere, uste dugunez.

Posta-zerrendak eta e-posta bidezko buletinak antolatzeko 21. mende hasierako plataforma inportante bat izan zen Yahoo Groups. 20. mende amaieran sortutako Onelist eta eGroups sistemak fusionatu ondoren, Yahook erosi egin zituen 2001ean osatu zuen Yahoo Groups.

Euskarazko baliabideen tresna inportante bat

Yahoo Groups-en hastapenetako euskal "bezeroak" edo foro aktiboak izan ziren Eibartarrak, ItzuL eta EuskaraZ posta zerrenda. Lehen biek emigratu zuten aspaldi, eta EuskaraZ desagertu egin zen moderazio auzi eta eztabaidetan nahastuta. Hiru foro horiek partaidetza librekoak ziren (beren ñabardurekin): norberak mezua bidali, eta denek jaso, eta denek erantzuteko aukera izan.

Norabide bakarreko buletinak antolatzeko ere balio zuen. Sustatuk eskaintzen duen e-postaz jasotzeko lehen aukera Yahoo Groups-en oinarritu zen. Gaur egunean Sustaturen buletin hori, Eibartarrak eta ItzuL banatzen dira Postaria zerbitzuan, zeina Mailman software libreko plataforman oinarritzen den.

Duela gutxi arte Yahoo Groups-en ibili den beste zerrenda/buletin bat Oriotarrak izan zen (irudia berari dagokio, eta oraindik artxiboak ikusgai daude sarean, ikusiko dugu 28tik aurrera), baina bide hori aurtengo martxoan eten zuten. Besterik ote dagoen... albiste-banaketa zerbitzu zaharren bat ba omen dago euskaraz, baina ez dakigu aspalditik harpidetza berririk jasotzen ote duen.

Alternatibak

2019. honetan, posta-zerrendak eta buletinak libreki antolatzeko modu bat Google Groups zerbitzuak eskaintzen du doan. CodeSyntax-ek (Sustatu egiten duen enpresak) Postaria zerbitzu euskaratua eskaintzen du urteko tarifa baten ordez. Buletin-bidalketarako Mailchimp eta Campaign Monitor sistemak hedatu dira, doako aukera murritz batzuekin, eta ordainpeko gehiagorekin.

Bestalde, egungo Yahoo Groups-en arkitekturaren sortzailea, Mark Fletcher Onelist-eko fundatzailea, bere egungo Groups.io zerbitzua indartzen ari da, Yahoo Groups-eko errefuxiatuak hartzeko. Dozena bat urte dira Fletcher ez dagoela Yahoo Groups-era lotua, baina utzi zuen unetik adierazi zuen zein arreta eskasa eskaini zion Yahook baliabide honi. Tira, urteak igaro dira eta Yahoo bera ere, zer da? itzal lauso bat, duela 20 urte Interneteko erraldoietako bat zenean.

Itxieraren nondik norakoa

Yahooren iragarpenaren arabera, zerrendek bizitzen jarraituko dute, eta e-posta banatzen, baina ez dute aurpegi publikorik izango. Ez da inor gehituko formulario bidez, ez bada administratzaileak gonbidatzen duela (eta ondoren, gonbidapena onartzeko baliteke Yahoo kontua eskatzea). Eduki gehiago ezingo da kargatu (zerrenda batzuek eranskin eta argazkiak kudeatzeko aukera baitzuten), eta "esistitzen den edukia abenduaren 14an" desagertuko da (agian ordura arte egongo dira mezu artxiboak sarean, eta gero ez?). Era berean, zerrenda guztiak egoera pribatu edo ezkutura igaroko dira.

Norberaren edukia egoera horretatik salbatu nahi duenak, hemen ditu jarraibide batzuk ingelesez.

Erantzun

Sartu