Teknologia albisteak

Asteburuan berriro ordu aldaketa; eta aurrerantzean, berdin, itxura batean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-10-25 : 08:56

Duela urtebete zer esana eman zuen Europako Batasuneko Batzordeak erabaki zuela neguko/udako ordutegi aldaketak aplikatzeari utziko zitzaiola. Urtebeteren buruan, ez dago zantzurik erabakia gauzatuko denik. Urte batzuez ordua aldatzen jarraituko dugula ematen du.

Europako Batzordeak jakinarazi zuen garaia izan zitekeela ordu-aldaketarena birpentsatzeko, baina gero herrialde desberdinen esku dago denen artean adosturik, bakoitzak zer egin erabakitzea.

Batzordeak galdetegi bat jarri zuen sarean 2018an, eta emaitzak argiak izan ziren: 4.6 milioi lagunek eman zuten iritzia, eta gehienak aldaketak etetearen alde zeuden. Europako instituzio batek sarean jarritako inkesta batean lortutako emaitza onena omen da, baina bere alde okerrak ere izan ditzake: botoen gehiengo argi bat, 3 milioi pasa, Alemanian izan ziren, eta gainera aldaketarekin gogaituak gehiago kezkatzen omen dira kontu honekin, berdin zaienak baino, eta hortaz, aldaketa etetearen aldeko desbideraketa bat egon daiteke emaitzan.

Bozketa horren ondoren... ba, zain, ea herrialde bakoitzak zer ebatziko, eta hor ere, paralisia toki gehienetan. Frantzian inkesta publikoa bultzatu zuen Gobernuak, eta gehienak irten ziren aldaketak etetearen eta izatez, udako egutegiari eustearen alde. Baina ez dirudi beste erabakirik dagoenik Gobernuaren aldetik: aurkitu dugu azkena bozketaren emaitzarena da, aurtengo martxoko oharra.

Espainian, 2018an aditu batzorde bat bildu zuen Gobernuak, baina azaroan eman zuten ebazpena: ez zirela ados jarri aldaketak eten ala ez, eta etetekotan ere, zein ordutegirekin.

Euskal herritarroi dagokionez, ordutegi aldaketak gauzatzen badira, koxka Espainiaren aldean egon daiteke, inoiz oraingo sistema aldatzen bada. Frantziako erabakia, gertatzekotan, argi samar dago udako egutegiaren aldekoa izango dela. Espainiak bat egin ala ez, hor alde handia egongo da, segun udakoaren alde ala egungo negukoaren alde egin.

Frantziarekin sinkronizatuta eginez gero, ordu berarekin biziko gara Euskal Herri osoan. Neguko ordutegira aldatzen bada Espainia zera gertatuko da: udazken batean, Ipar Euskal Herrian ez da aldaketarik izango, goizeko 3etan, 3ak izaten jarraituko du. Hegoaldean berriz, goizeko 2tara igaroko gara (datorren igande goizaldean egin beharko den bezala), eta harrezkero ordubeteko diferentziarekin biziko gara Ipar/Hego mugaren bi aldeetan. Gaur egunean ere ordutegi gorabeherak ditugularik, pentsa orduan: Ipar Euskal Herrian bazkaltzeko ohitura den orduan, eguerdian, goizeko 11ak izango dira Hego Euskal Herrian! (horretarako, egia esanda, hobe dugu oraingo sistema).

 

Erantzun

Sartu