iAmetza taldeak urtero antolatzen duen Euskarabildua IKT alorreko jardunaldian, aurtengo gaia burujabetza teknologikoa izango da. Esamolde ezagun batekin titulatu dute deialdia: "Hodeia ez da existitzen, beste norbaiten ordenagailua da". Urriaren 24an izango da jardunaldia, ostegunarekin, Donostiako San Telmo museoan.
Ikus hemen egitaraua. Izena emateko, hemendik.
Programan arreta deitu digu hitzaldi batek, Argia aldizkariko Axier Lopez eta Xabier Letonaren eskutik: Argia eta CC lizentziak. Uztailean artikulua argitaratu zuen Letonak kontu honen inguruan, nola partekatze librerako Creative Commons by-sa lizentzia duten eduki-argitaratzaile batzuek, eduki horiek Argian ikusten ez daudela konforme. “Hartuko ez bazenute hobeto” esaten dutenak aipatu zituen Letonak. Baina artikuluan bertantxe irizpide argi bat: "Librea da, nahi bada egiten da, bestela ez". Berriro kontuaz hausnartzeko abagune bat izan daiteke Euskarabildukoa.
Bestalde, burujabetza teknologikoarekin zeharkako erlazioa du horrek... Zabaldutako deialdian dioten bezala, "askotan konfunditzen diren bi termino dira software askea eta burujabetza teknologikoa. Software askea, hainbat printzipiotan oinarritzen den filosofia eta praktika mota da: teknologia eskuratu ondoren erabili, kopiatu, aztertu, moldatu eta banatu egin daiteke. Teknologia burujabetza ordea, ez da lan egiteko modu batez ari, ezta lizentziez ere: geroz eta enpresa pribatu gutxiagok duten kontrol erraldoitik ihes egitea da kontua."
Informazio gehiagorako, euskarabildua.eus
Erantzun
Sartu