Teknologia albisteak

Kanadako inuitek badute azkenean euren "Batua"

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-10-11 : 10:16

Duela egun gutxitako artikulu honetan, Inuit hizkuntzako elurraren ustezko 100 izenena aipatu genuen: nola Panlex hiztegiak aukera bakarra eman zigun. Ba elurrerako bat edo ehun, ez dakigu, baina idazteko erak, oraintsu arte, bederatzi izan dituzte Kanadako inuiten artean. Aski dela erabaki dute: Inuktitut Batua nola idatzi erabaki berri dute prozesu luze baten ondoren.

Inuitera edo Inuktitut hizkuntza, dialekto edo mintzairen arabera hizkuntza bat edo multzo bat kontsidera daiteke, Artikoen Inuit komunitateek bizirik dutena, Alaskatik Groenlandiara. Eskualdeko horretako eskualde zabal eta handiena Kanadako iparraldeak osatzen du, eta milaka kilometro koadrotan 60.000 inuit daude inguru horietan.

Idazkera erlijioarekin iritsi zitzaien komunitate hauei, eta segun ze eskualdetan, misiolariek idazkera bat edo beste proposatu zuten. Kanadako kasuan, batzuk (hiru) alfabeto latinoan zeuden oinarrituak, eta besteak silaba-sistema antzeko baina desberdinak ziren, bakarrik erabil zitezkeenak hizkuntza honetan. Batasuna erabakitzeak luze hartu du eta ez omen da polemikarik falta izan, baina azkenean aukeratu dutena alfabeto latinozko sistema bat da (abantaila teknologikoak aipatu izan dituzte, besteak beste), eta Inuktut Qaliujaaqpait deritzo.

Bitxia bada ere, Kanadako inuiten kulturaz arduratzen den Inuit Tapiriit Kanatami erakundeak bi hizkuntzatan argitaratu du erabakiaren berri, ingelesez eta inuiteraz, baina inuitera ez dago sistema berrian baizik eta silaba-sistema horietako batean (!): hortik atera dugu goiko irudia adibidez, irailaren 26ko data daramana.

Inuiten hizkuntza (edo haren beste aldaera) normalizatua eta batua dagoen beste eskualde bat Groenlandia da, non Kalaallisut esaten dioten eta alfabeto latinoz idazten duten.

Erantzun

Sartu