Teknologia albisteak

Tren Urdinaren bisita Aragoitik, euskal burdinbideen museoaren 25. urteurrenean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-10-03 : 10:07

Tren Urdin edo Tren Azula Aragoiko burdinbideen elkarte batek zaintzen duen makina eta bagoi multzo bat da, tarteka bidia "historiko" edo turistikoak egiteko erabiltzen dutena. AZAFT deritzon elkarte horren helburuetako bat da trenbidearen museo bat irekitzea Aragoin, baina hori lortu ezean, urtero bisita egiten diote beste tren museo bati: Euskotren edo euskal burdinbideen museoa, Azpeitian dagoena. Larunbatean dute hurrengo bisita: Tren Urdina dator Zaragozatik.

Zehazki, trena ez da Zaragozatik abiatuko baizik eta Aragoiko hiriburutik gertu dagoen Casetas geltokitik, non ohikoan deskantsatzen duen tren honek. Eta iritsi ere, ez dira Azpeitraino iritsiko (trenbide konexiorik ez da jada esistitzen horretarako), baizik eta Zumarragako geltokiraino (gero autobusez mugituko dira, itzulera ordura arte).

Tren Azula ez da bere garaian zirkulazioan ibili zen konboi zehatz bat, collage bat gehiago. Ikusi hemen bere osaketa. Postarako bagoia ditu, lo egitekoak, jatetxe eran prestaturiko bi, eta "ministroen saloia" ere bai, 1955ko bagoi bat, zeina Franco diktadoreak berak ere erabili izan zuen. Bagoiei tira egiteko, lokomotora desberdinak erabiltzen dituzte, batzuetan Renfe Serie 269 bat erabiltzen dute (Renferen enkarguz CAF enpresa gipuzkoarrak egina 1973an, Mitsubishi japoniarraren lizentziarekin), eta beste batzuetan 7702 izeneko makina, 1950eko hamarkadakoa, English Electric enpresak sortutakoa.

Bisita ez da kasualitate hutsa, Burdinbidearen Euskal Museoaren 25. urteurrena betetzen baita urriaren 5 honetan.  Honako egitaraua prestatu dute Azpeitian:

10:30    Irekiera ekitaldia
•    Haur marrazketa lehiaketako sarien banaketa “Burdinbidearen Euskal Museoko 25. Urtemuga”.
•    EGAPE dantza taldearen ekitaldia.

11:00    Bidaia lurrunezko trenean (Euzkadi tren-makina, 1920an eraikita)
12:00    Bidaia lurrunezko trenean (Zugastieta tren-makina, 1888an eraikita)
13:00    Bidaia lurrunezko trenean (Portugal, 1913an eraikita, eta Euzkadi tren-makinak)

Euskal Sagardoaren dastatzea
14:00    Treneko putxerak dastatzea (indabak)

14:30    Bidaia tren-makinen osaeran
16:30    Bidaia Diesel Trenean (Alsthom tren-makina, 1965ean eraikita)
17:30    Bidaia Lurrunezko Trenean (Aurrera tren-makina, 1898an eraikita)

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago