Hiztun askori iruditzen zaigu erdara jakin batzuetan "oso azkar hitz egiten" dutela. Kontua zientifikoki aztertu dute, eta bi emaitza bitxi aurkitu dituzte: hizkuntza batzuetan besteetan baino silaba gehiago esaten dituzte segunduko, baina, aldiz, transmititzen den informazioa berdintsua da batean zein bestean. 17 hizkuntza aztertu dituzte eta euskara dago tartean (!!). Nonbait, euskaldunok 8 silaba esaten ditugu segunduko.
Euskaraz, beraz, 8 silaba segunduko. Vietnameraz, 5 silaba segunduko bakarrik. Hala ere, batean zein bestean, minutuan informazio berdintsua pasatzen dugu. Hau da, silaba gutxiago behar dira vietnameraz informazio jakin bat adierazteko, euskararekin alderatuta, baina tarte berdintsua erabiltzen dugu bateko zein besteko hiztunek. Gakoa hizkuntzaren egituran egon daiteke: erro monosilabikoak ditu vietnamerak, eta hizkuntza tonala da (tono-azento desberdinarekin esandako silaba berdinak esanahi desberdinekoak izan daitezke), eta silaba bakarreko hitz horietan doa informazioa. Euskaraz, aldiz, polisilabikoak ditugu hitzak, gure aditz konposatuekin eta deklinabide edo post-posizio marka ugariekin. Baina azkenean, kontuak esateko, vietnameraz bezainbat denbora behar dugu.
Beste hizkuntzetan ere antzeko. Ingelesa eta japoniera dira ikertutako beste bi hizkuntza: lehenbizikoan, silaba egiturak 7.000 izan daitezke; aldiz, japonieraz, arau fonotaktikoengatik, bakarrik dira posible ehundaka gutxi batzuk. Baina informazioa transmititzeko... berdintsu.
Euskarak 5 bit transmititzen ditu silabako. Vietnamera konpaktuagoa da, 8 bit silabako. Baina polikiago esaten dituzte. Hizkuntzen batez bestekoa oso antzekoa: 39 bit segunduko.
Ikerketa egin dute 17 hizkuntzarekin. Tartean, esan dugun bezala, euskara. 10 hiztun natibo erabili dituzte hizkuntza bakoitzean, eta parekideak ziren 15 testu eman dizkiete irakurtzeko.
Ikerketa egin du Lyongo (Frantzia) unibertsitateko talde batek. Science agerkarian argitaratu da, libre dago PDF-a Interneten. Azalpen dibulgatibo bat ingelesez, hemen.
Ilustrazioa ikerketatik atera dugu. Koloreak hizkuntza-taldeentzako dira, eta hiru lerroko kodeak hizkuntza bakoitzerako (euskara EUS ezkerretan dago, eta kolore berezkoa du zeren hizkuntza isolatua da jakina). SR mailak esan nahi du "silabak segunduko" eta euskararen lerroan ikus daitekeenez, puntu asko daude, gorago eta beherago, hamar hiztunek egindako irakurketa anitzetatik: 8ko marka ertaina da, noski. Lerro diagonal horiak adierazten du informazio transmisio ertainaren marra (39 bit segunduko): ikusten den bezala, euskararen kasuan zehatz hori da, eta beste hizkuntzetan marra beltzak markatzen du aurkitutakoa; hau da, ez da zehatz-zehatz ertainean, baina bai konstantetik oso gertu.
Erantzun
Sartu