Teknologia albisteak

Binilozko diskoen salmentak CDena gaindituko du

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-09-12 : 09:32

Zaharrunoon teknologia zen biniloarena. Gure gazte denborako (eta are gure aitona-amonen garaiko) "teknologia". 80. hamarkadan CDak agertu ziren arte. Teknologia digitalaren eraginez, biniloak ia-ia desagertzera iritsi ziren, baina azken urteotan bueltan datoz. 1986az geroztik lehenengoz, aurten binilo gehiago salduko omen da CDak baino. 

Rolling Stone aldizkarian irakurri dugu berria: azken 33 urteotan lehenengoz, 2019an diru-sarrera handiagoa etorriko da biniloetatik CDetatik baino. Horretan 2 arrazoi nagusi daude: biniloen salmenta handitzen ari dela eta, batez ere, CDak inork ez dituela erosten. Izan ere, dagoeneko oso urrun geratu da CDen urrezko garaia, 80. hamarkadan hasi eta XXI. mende hasieraraino iraun zuena.

Azken urteotan musikaren industriak izan duen aldaketaren ondorioz, eta streaming plataformen indartzearekin batera, CDen salmentak lurra jo du eta beherakada gero eta bizkorragoa da. Esate baterako, jaitsiera hori hiru aldiz handiagoa izan da 2019an 2018an baino. 

Oraindik ere CD gehiago saldu da aurten biniloak baino (ozta-ozta bada ere), baina biniloek eragin dituzten diru-sarrerak CDena parekatu dute, produktu garestixeagoa delako. 

Azken urteotako joerak jarraitzen badu, eta ez dago zalantzarik horrela izango dena, CDen garaia betirako desagertuko da, eta biniloek oraindik ere hortxe iraungo dute, publiko txiki eta berezi batentzat, produktu cool bat erosi nahi duten musikazale amorratu horientzat, baina bizirik. 

Binilozko diskoak polibinil kloruroz eginda dauden disko ildaskatuak dira, musika analogikoa biltegiratzeko erabili izan direnak. XX. mende erdi aldean asmatu ziren, baina 1948an hartu zuren gaur egungo itxura eta 1955. urtetik aurrera hasi ziren ohiko bihurtzen, ordura arte oso garestiak baitziren.

Azken 30 urteotako txakalaldiaren ostean, XXI. mendean aurrera goazela, badirudi bigarren garai bat bizitzen ari direla. 

Erantzun

Sartu