Teknologia albisteak

Wikilarien elkarteak eta UEUk "humanitaten digitalen inguruko ikerketa sustatzeko deialdia" kaleratu dute

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-09-11 : 09:20

"Euskarazko datu libreen sorkuntza, elkartrukea eta zabalpena" sustatzeko asmoz argitaratu du deialdiaUEUk, Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen laguntzarekin. Ikerketa-lanaren iraupena 8 hilabetekoa izango da, originala izan beharko da, eta 5000 euroko 2 diru-poltsa aurreikusten dira. Eskaerak aurkezteko epea 2019ko urriaren 25ean bukatuko da. Izen-ematea eta informazio osoa, UEUren webgunean.

Dokumentuen digitalizazio masiboarekin, sare sozialen eztandarekin eta hizkuntz teknologien hedapenarekin arloen arteko lankidetza abiadura biziz garatzen ari da. Esparru bien artean eremu berriak ere ireki dira ikerketari eta berrikuntzari begira. Pasa den ekainaren 26an UEUk antolatu zuen “Humanitate digitalak: aukerak, erakundeen rol berriak eta elkarlana jardunaldia izan zen deialdi hau antolatzeko motibazioa. Bertan giza- eta gizarte-zientziak ikertzeko hainbat bide berri proposatu ziren, horietako asko gainera, Wikipedia edota Wikidatarekin lotuta daude. Bi plataforma horietan humanitateei buruz datu andana (big data) lizentzia libreekin jaso edota modu grafikoan erakutsi baitaitezke.

Oraingo honetan, euskarazko datu libreen sorkuntza, elkartrukea eta zabalpena sustatzeko asmoz, ikerketa-deialdi berri hau aurkeztu dute UEUk eta Wikilarien elkarteak. Deialdia nagusiki norbanakoei zuzenduta dago, baina lantaldeek ere jaso ahal izango dute. Edozein kasutan ikerlanaren zuzendari arduradun bat agertu beharko da. Hori bai, diru-poltsa jaso ahal izateko ezinbestekoa da unibertsitate mailako gradua (edo baliokidea den titulua) gaindituta izatea eta eskatzaileek beren euskara gaitasuna frogatu beharko dute EGA edo baliokide den titulu edo ziurtagiri bidez.

Deialdiaren ezaugarriak:

  • Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz burutuko dira.
  • Ikerketa-lanaren iraupena gehienez 8 hilabetekoa izango da, diru-poltsa esleitzen den egunetik hasita.

  • Ikerketa-lanak originala eta argitaratu gabea izan behar du.

  • Ikerketaren helburua wikimedia proiektu bat edo gehiago erabili eta indartzea izango da.
  • Ikerketaren emaitza gisa txosten bat eta gutxienez euskarazko artikulu zientifiko bat (Uztaro, Ekaia, Euskarazko Hedabideen Urtekaria, Kondaira...) sortu beharko dira.

  • Horrez gain, ezagutza librea sortu, elkartrukatu edota zabaltzeko asmoa duten datuak edota programak sor litezke, beti lizentzia libreekin zabaltzeko modukoak.

  • 5.000 euroko 2 diru-poltsa aurreikusten dira.

  • Eskaerak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea 2019ko urriaren7tik urriaren 25era arte egongo da zabalik, biak barne. UEUko webgunearen bidez aurkeztu beharko dira.

Deialdira aurkeztu nahi dutenek oinarrizko zenbait ideia izan ditzaten, adibide batzuk ere zabaldu ditute (jardunaldiko aurkezpenen bideoak ere lagungarri izan daitezke lantzeko bide berriak aurkitzeko).

  • Ahotsak.eus webgunean milaka audio eta transkripzio gordetzen dira. Transkripzio horietako lexemak Wikidatarekin elkartu daitezke, hitz bakoitzaren aldaerak jasoz, euren ahoskera eta transkripzio fonetikoarekin. Honela, makinen euskararen ulermena hobetuko da. Ahotsak.eus atarian hainbat Terabyte dute bideotan, baina 3 Mbyte baino ez dago transkribatuta.
  • Wikipediak eta Wikidatak milioika datu biltzen dituzte. Horien bisualizazioa egiteko tresnak badaude, baina euren balio pedagogikoa handiagoa izan daiteke, artikuluak eta ezagutza modu bisual batean eskainiz. Euskal Wikipediako blogean bi artikulutan azaltzen da nola bildu kultur ondasunari buruzko datu andana (Ondarea ezagutaraztea eta babestea ere wikilarion lana da) edo nola erabili Wikidata herriko ondasunak ikasteko edo bertsolarien banaketa urteetan zehar edo geografikoki (Humanitate Digitalak eta Wikidata).
  • Euskal prentsan landu diren gaien mapa bat egin daiteke, libreak diren testu digitalizatuak hartuz eta gaika antolatuz. Wikiteka indartzeaz gain gai horien inguruan idatzi dena ikustarazteko aukera ematen du, erreferentziak eta kontestu handiagoa emanez.
  • Wikipediako biografien %17 baino ez dira emakumezkoenak. Beste entziklopedia batzuekin alderatuz kopuru handia da, baina oraindik ere genero desparekotasun bat erakusten du. Arlo ezberdinetan dauden emakumeak ondo bisibilizatuak dauden edo ez ikertu daiteke.
  • Arloko zenbait proiektu Oxford Unibertsitatean: http://podcasts.ox.ac.uk/wikimedia-wikipedias-sister-projects-platforms-digital-humanities
  • Erabili daitezkeen Wikidata-tresna batzuk: https://www.wikidata.org/wiki/Wikidata:Tools

Informazio guztiak, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta formularioa, eta balorazio-irizpideak UEUren webgunean aurkituko dituzue.

 

Erantzun

Sartu