Teknologia albisteak
1

Zientzialariaren borroka "sistemaren" aurka: bi adibide pertsonal

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-09-06 : 11:05

Aste honetan, bi zientzialari ikertzaile eta dibulgatzaile euskaldunek kontakizun etsituak egin dituzte zientziagintza instituzionalizatua nola dagoen eratua, eta zein zaila da merituak egitea segurtasuna emango duten ikerkuntza postuak lortzeko. Kasu desberdinak azaldu dituzte Joseba Rios Garaizarrek eta Koldo Garciak, baina biak batera aipatzea ondo letorkeela pentsatu dugu, biek sare sozialetan dibulgazio interesgarria egiten baitute euskaraz (eta ez da hori prezeski jende askok egiten duen zerbait)

Joseba Rios Garaizar arkeologoa da, paleolitiko aztarnategietan egiten du lan batik bat, eta bere lanen berri eman izan dugu Sustatun sarri (aurtengo udako bere lanak aipatu genituen, adibidez). Bere kexua gaztelaniazko hari batean azaldu du Riosek Twitterren. Ramon y Cajal deitzen diren ikerketa post-doktoralak egiteko Espainiako Gobernuaren kontratu batzuk dira muina.

Detaileetan asko sakontzen du Riosek, baina funtsean, lortu duen postuak (erreserban, 35.) kontraste egiten duela lehen postuetan geratu direnekin, non eta argitalpen eta ikerketa baremoen indizeetan hori justifikatzeko datuak aurkitzea zaila den. Azkenean, salatzen duena da tribunal opako batek (nor diren ez da jakiren), irizpide ez esplizituekin, alde batera edo bestera erabaki dezaketela ikertzaile jakin batzuk babestu nahi badituzte.

Koldo Garcia, berriz, genetista da, eta bere blogean artikulu luze bat idatzi du. Kasu zehatz bat baino, bere ikertzaile ibilbidean aurkitu dituen zailtasunak kontatzen ditu, maila pertsonaleko atsekabeak ere kontatuz. Ekonomikoki, aldibateko kontratuen zurrunbilo prekarioan dabil, gainera. Lehiaketa batera aurkeztuta, behin esan omen zion epaimahaikide batek: "komentatu zidan dibulgazioa egitea ondo zegoela baina horrek zero koma zero zero zero bat puntu ematen zituela, hobe nuela hori alde batera uztea eta beste kutxatilak betetzen joatea, karreran aurrera egin nahi banuen behintzat". Koldo Garciak, ordea, dibulgatzen jarraitzen du.

****

Bi kasuetan igarri dugun puntu komun bat: zein punturaino den neke, lan eta buruhauste burokratiko pertsonal bat zientzian eta ikerketan jardutea. Borroka egin behar dute zientzailariek ez ikergaiak planteatutako galderekin (horrek zirrara eragiten die, jakina), baizik eta "zientzia sistema" burokratizatu eta itxi batekin.

Etsipen eta amorruzko gif bat itsatsi du Garaizarrek bere harian. Koldo Garciak boxeo irudi bat, besteekin lehiatu eta borrokatu behar biolento hori (artikulu hau ilustratzeko erabili duguna).

Eskerrik asko zuen ekarpenengatik Joseba eta Koldo. Animo.

Erantzunak

2019-09-06 : 14:48

Iradoki digu lagun batek erreferentzia egiteko gaur Elhuyar aldizkarian agertu den elkarrizketa honi: Izaro Zubiria Ibargunen da zientzialaria, eta zera rgi dio: "Lehen sektorean eta ikerketan emakume izateak desabantailak ditu”: https://aldizkaria.elhuyar.eus/ekinean/lehen-sektorean-eta-ikerketan-emakume-izateak-desa/

Erantzun

Sartu