Passion for Knowledge DIPC Donostiako Fisika Ikertegiak urtero antolatzen duen zientzia dibulgazioaren jaialdia da. Irailaren 30ean hasi eta urriaren lehen astean luzatuko da. Donostian dira ekitaldi gehienak, baina egongo dira hitzaldiak baita Bilbon eta Iruñean ere.
Gonbidatuen artean daude aurten pulsarra deskubritu zuen Jocelyn Bell Burner fisikaria; Barry Barish grabitazio uhinen astrofisikaria (Fisikako Nobel Saria, 2017); Jean-Pierre Sauvage makina molekularren diseinatzailea (Kimikako Nobel Saria, 2016); Martina Martinon paleoantropologoa eta Giza Eboluzioari buruzko Espainiako CENIEH zentroko zuzendaria; eta Serge Haroche fisika kuantikoan aditua (Fisikako Nobel Saria, 2012), besteak beste.
Hitzaldi publikoetarako sarrera librea eta doakoa izango da, lekuak bete arte; dena den izena ematea gomendatzen da. Lehentasuna emango zaie aldez aurretik izena eman duten pertsonei, eta lekua gordeko zaie saioak hasi baino 15 minutu lehenagora arte. Hortaz, kontsultatu ondo egitaraua, nora joan nahi duzun (hitzaldi publikoen kasuan), eta gero bete formularioa hemendik. Adi, azkar ibili, ze baliteke plazak betetzea, adibidez Passion Txiki haurrentzako ekitaldirako jada ez omen dago lekurik.
Beste ekitaldi bat Bertso Passion izango da. Victoria Eugenia antzokian, urriaren 3an (19:30etan); 4 zientzialari igoko dira agertokira, azken urteotako aurkikuntza zientifiko garrantzitsuenetako batzuen protagonistak, eta 4 bertsolarik jardungo dute haiekin. Bertsolariak izango dira Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Iñaki Murua. Zientzialariak berriz, erdaldunak direla dirudi, eta aldibereko itzulpenarekin ulertu beharko dute elkar:
Bertso saio hau zuzenean jarraitu ahal izango da streaming bidez, eta aldi bereko itzulpen zerbitzua eskainiko da ekitaldia euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez jarraitu ahal izateko.
https://p4k.dipc.org/eu/osoko-hitzaldiak
---
Erantzun
Sartu