Teknologia albisteak

Euskaldunek eta inuitek truke komertzialak izan zituzten

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-09-01 : 09:49

Ezaguna da Ternuan ibili izan ziren baleazale eta arrantzale euskaldunek tratuak izan zituztela bertako jatorrizko biztanleekin, amerindiarrekin, ez bakarrik Ternua deritzon uhartean baizik eta egungo Quebeceko eta Kanadako beste puntu batzuetan. Kontaktu horiek algonkinar herriekin (Innu eta Mikmak herriak) izan zirela nahiko frogatua dago, baina aztarna berriak agertu dira aurtengo udan egindako indusketetan, Inuit edo eskimal herriekin jartzen gaituztenak kontaktuan.

Ur azpiko aztarnen azterketa egin dute arkeologoek Quebec-eko Saint-Paul ibaiaren itsasadarrean. Inuit herrien kostaldeko arrantza kanpamenduak omen dira, baina teknologia eta produktu europarren aztarnak ugariak aurkitu dituzte. Zeramika, galdarak, iltzeak... euskal arrantzaleek trukean emandakoak izan daitezkeela uste dute.

Are gehiago, bizitoki inuiten aztarnak ere agertu omen dira, eta euskal estiloko teilak eta zura europarra agertu omen da horietan.

Montrealeko Brad Lowen arkeologoaren iritziz, bi datu berri ondorioztatu daitezke aurkikuntza hauetatik:

  • Merkataritzan izan zirela euskaldunak eta inuitak, seguruenik euskaldunek foken larru eta haragia lortzen zutelarik (inuitak adituak ziren foken ehizan).
  • Euskaldunen presentziari esker, eskualdeko inuit hauek nomadak izan barik, urte osoko asentamenduetan kokatuta egon ziren. Merkataritza eta horniketa iturri euskalduna barik, Inuitek ez lukete motiborik eskualde zehatz honetan urte osoan irauteko.

Goragoko irudia Wikipediatik hartu dugu, eskualdeko asentamendu euskaldun frogatuekin. Eraztun berde bat zehaztu dugu Saint-Paul ibaiaren itsasadarraren eskualdea markatzeko: hortxe aurkitu dituzte inuiten aztarna berriak.

Informazio gehiago hemen..

Erantzun

Sartu