Teknologia albisteak

Makina ofizialek ez dituzte euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-08-15 : 10:26

Duela aste batzuk aurkeztu zen Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren azken urteko txostena, Hizkuntza Eskubideen Egoera 2018. Txostena osorik dago sarean, baina IKT alorrarekin zerikusia duen punturen bat nabarmendu nahi genuen hemen.

Hain zuzen ere, halaxe azpimarratzen du txostenak:

Aipamena egin beharra ere ikusten dugu, gabezia handiak daudelako administrazioek eskaintzen dituzten on-line prozeduretan.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, azpimarratu nahiko genuke enplegu-zerbitzuetan, baliabide informatikoak euskaraz erabiltzeko orduan, garraio publikoa erabiltzeko unean, informazio kanpainetako euskarrietan... antzeman dituela hutsuneak herritarrak. Bai, euskara bazter utzi delako edo euskarazko testuen kalitatearen ondorioz.

Suposatzen da makina batekin jarduteko orduan, ez duzula funtzionario euskaldundu bat behar, nahikoa izan beharko zuela prozesu edo interfaze bat garatzean euskaraz ere egon behar dela kontuan hartzea, eta gero lerro batzuk itzultzea. Baina horretan ere, zenbat oker, eta hutsune.

Hona Behatokiak hitzez hitz jasotako kexu bi. Batean, euskara kontuan ere ez da hartu aplikazio informatiko publiko bat herrialde elebidun batean garatzeko orduan:

012 telefonora deitu dugu arazo bat izan dugulako Jaurlaritzaren dirulaguntza bat igotzerakoan. Ibermaticako langile batek bikain hartu gaitu euskaraz baina aplikazioa, haiek gure ordenagailuarekin konektatzeko gaztelera hutsean zegoen: “Unirse a una sesión”.

Bestea, makina bat nola dabilen:

Durangoko Euskotreneko makinetan euskara aukeratu eta akatsez betetako eta erdarazko testuak irakurri ditut.

Azken kasuarekin lotuta, Sustatuko editoreak pertsonalki ikusi du, Donostiako Jaurlaritzaren egoitzan, txandaren paper ziztrina ematen dizun makinak euskaraz ez dakiela. Euskaraldiaren garaian ez zekien, arretako bati esan, baina berdin, sei hilabetera, mezu elebakar berdinarekin jarraitzen du.


Horrela gaude bada. Makina eta zerbitzu informatiko publikoek euskaraz artatzen ez zaituztela ikusten baduzu, aurkeztu zure kexua Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren aurrean.

Erantzun

Sartu