Eguraldi iragarpenetan satelite mapak ezagunak egin zaizkigu, eta bada zenbait urte dituen teknologia bat. Azken urteetan, ordea, radar bidez lurretik datuak hartuz egiten diren euriaren mapak ari dira zabaltzen. Euskal Herrian Kapildui mendian dago radar horietako bat (Araba erdialdean), Euskal Herri osorako ematen du estaldura, eta Internet bidez ematen du bere berri zuzenean. Atzo Nafarroa erdialdean gertatu zena ere ikus daiteke.
Kapilduiko radarraren webgune eta mapak, eta era honetako beste batzuek ere, Play funtzioa izaten dute, eta horri ematen badiozu azken orduetako eguraldiaren eboluzioa ematen dizu. Radar hauek egiten dutena da detektatu non ari duen euria, eta zenbat. Atzo arratsaldean, intentsitate handiko gune gorriak ikusi ziren Nafarroa erdialdean, 16.30etatik aurrera, pare bat orduz. Iluntzerako eurite zabalagoak zeuden Euskal Herri ia osoan, baina intentsitate txikiagoarekin. Hala ere, harrezkero Zidakos ibaiaren arroan euri gehiegi egina zegoen. Ikus animazioa Kapilduiko Twitter kontuak zabaldutakoa:
Mucha actividad en las últimas 8 horas. pic.twitter.com/gxzGXpZyK6
— Radar Kapildui (@RadarKapildui) 2019(e)ko uztailaren 8(a)
Radar hauek ordu erdiro ateratzen dute euri-egoeraren argazki finko bat. Zuzenean mapak eta radarrak ez dizu iragartzen hurrengo orduetarako pronostikoa, baina meteorologoek, noski, azterketarako oinarri inportante bat lortzen dute hor. Esate baterako, DavidD eta Arnaitz Fernandez meteorologo nafarren kontuak interesgarriak dira, datu hauek eta beste batzuk aztertu ohi dituztelako.
Meteorologoa izan gabe ere, azken orduetako eboluzioari ikusten badiozu, haize eta euriaren norabidea nola doan askotan igar daiteke. Euskal Herriaren kasuan, mendebaldetik ekialderantz mugitzen diren euri fronteak ohikoak dira, adibidez.
Ez da Kapilduikoa Euskal Herriko euri-radar bakarra. Bizkaiako mendebaldean bada behintzat beste bat, Espainiako AEMET erakundeak kudeatzen duena. Espainiako mapa orokor batean integratzen ditu haren irudiak AEMET-ek. Radar horrek ere Euskal Herri osoaren estaldura eskaintzen du.
Frantziako radar desberdinekin irudi konposatu bat egiten duen beste zerbitzu bat ere badago: Meteo60rena. Kasu honetan ere, Euskal Herria osorik agertzen da mapan.
Erantzun
Sartu