Teknologia albisteak

Wizards Unite da Pokemon Go berria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-07-08 : 10:16

Duela hiru urte, "iraultza" izan omen zen. Pokemon Go jokoak errealitate areagotua eta geokokapena nahasten berehalako arrakasta itzela izan zuen. Baina baretu egin zen tsunami hura. Orain, haren ondorengoa aurkeztu dute garatzaileek, beste frankizia batean oinarritua: Harry Potter's Wizards Unite da jokoa.

Niantic enpresaren hirugarren garapen handia da Wizards Unite. Lehena 2012an garatu zuten, Ingress, nahiko publiko 'nerd' eta berezitua lortu zuena. Gero etorri zen arrakasta handia, Pokemon Go!, eta orain hau. Niantic sortu zuen John Hanke australiarrak, zeinak lehenago Google Earth eta Google Maps-en sorreran funtsezko papera izan zuen.

Harry Potterren Unibertsoko pertsonaiak eta egoerak dira joko berri honen funtsa. Jokalariak, oraingoz, hiru rolen artean aukeratu dezake: Aurora, Mago zoologoa edo Irakaslea. Segun eta zein rol duzun, jokoak era bateko zein besteko misioak eskaintzen dizkizu.

Misioak terreno errealean mugitzera behartzen zaitu, baina batzuetan jokoaren elementuak etxe barruan ere agertzen zaizkizu. Kalean bazabiltza zerbaiten bila eta autoz bazoaz, jokoak igarri egiten du abiadura eta misioa eten diezazuke. Hau da, oinez ibiltzeko da, eta ez auto ataskoak eragiteko (halakorik gertatu omen zen Pokemon Go-rekin).

Munduaren mapa erreal bat eskaintzen dizu jokoak, nahiko zehatza hirien kasuan (Donostian probatu dugu guk), ez dakigu berdina ote den nekazari inguruneko herri batean. Mapa hori, eraikinez populatzen du aplikazioak, eta izaki miragarriren agerpenak ere sortzen dizkizu ibilian zoazela.

Honako irudian, Intxaurrondo auzoan egindako aproba baten emaitza grafikoak.



Ezkerrean, ingurunearen mapa bat, Donostiako auzoaren errepresentazio nahiko erreala dena. Erdian, "negutegi" batean sartu gara, juxtu Intxaurrondoko kiroldegiaren aurrean zegoena. Eskumatan, Sustatuko editore Luistxo Fernandez agertzen da tontoarena egiten, jokalariak altxorraren kutxa hori irekitzen duen bitartean (telefonoari eusten diona da jokalaria, ez Luistxo).

Jokoaren mekanika, jolasteko aukerak eta grafikoak hobetu egin dira, baina ez du seguruenik "mania" maila batera iritsiko. Azken batean, beste joko kategoria bat da hau dagoeneko mugikorrarekin jokatzekoen artean, ez "nobedadea" areago. Jokoa gaztelaniaz eta frantsesez dago, ez euskaraz noski.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago