Teknologia albisteak

Torradora afera: makinekin katalanez hitz egiteko eskubidea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-07-06 : 10:22

Aurreko asteburuan, TV3 telebista publikoko katalaneko programa batek Llenguaferits izeneko emanaldia eman zuen (30 minutu dira, sarean dago). Katalana hizkuntza gutxitua dela, diglosiaren arriskuan bizi dela, izan zen programaren ardatza. Besteak beste, teknologia aditu batek adibidea jarri zuen, berak nahiko zuela txigorgailuarekin (katalanez, torradora; gaztelaniaz, tostadora) katalanez egin etxean. Isekarako hartu zuten kontua elebakar espainol askok, baina, jakina, kontuak badu bere garrantzia.

Interneteko askatasunen eta katalanaren hizkuntza eskubideen aldeko aktibista da Alex Hinojo, eta katalanak dituen erronka teknologikoez mintzatu zen programan. Txigorgailuaren segunduak, kontrako iritzi ergel horietako batean ikus ditzakegu, Toni Canto politikariaren txio honetan.


Espainol batzuentzat makinekin hitz egitea bakarrik izango da naturala espainolez eginez gero, ez beste hizkuntza batean, dirudienez.

Eta jakina, ahots ezaguera duten munduko tresna nagusiek ezagutzen dute gaztelania (salbuespen batekin, ikus beherago), baina ez katalana (euskara aipatu beharra dugu?):

Oraingoz gaztelaniarik ulertzen ez duena:

  • Alexa, Amazonena (bakarrik ingelesa, alemana eta japoniera)

Zein bidetik izan dezakegu esperantzarik euskaldunok edo katalanek makinek ulertuko digutenik? Handien artean, Googlek eman ditu seguruenik urrats gehien. Live Transcribe eta Cloud Speech-to-Text tresnek nahiko ongi transkribatzen dute ahozko euskara, baina hortik aginduak ulertu eta hardwarean integratzera dexente geratzen da.



Beste esperantza bat da Mozillaren Common Voice proiektua. Hemen hizkunzta-ezagutzarako oinarri libreak ezarri nahi dira (nola erabili, azalpenak Sustatun), baina berriz ere, zalantza: garatutakoan, nola ezarri teknologia gailu benetakoetan?



Azkenik, beste zalantza bat: benetan hitz egin nahi dugu makinekin? Uberrek datu batzuk jakinarazi ditu berriki. Munduan 15 milioi bidaia enkargatzen dituzte erabiltzaileek egunero modu desberdinak erabiliz (aplikazioa, nagusiki), baina bakarrik ehundaka batzuk dira Estatu Batuetan erabiliena da ahots laguntzako gailuarekin, Alexarekin. % 0,002 omen da hori...

Gaia interesatu bazaizu, ikus #Torradora traola Twitterren.

Erantzun

Sartu