Teknologia albisteak

Gerra Zibila EAEn: 20.000 hildako, gizateriaren kontrako 5.800 krimen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-07-03 : 12:53

Ikerketa-txosten historiko baten berri eman du gaur Eusko Jaurlaritzak. Espainiako Gerra Zibilean eta lehen frankismoan (1936-1945) izandako hildakoei buruzko txostena eman da argitara. Ez da Espainiako Gerra Zibilak Euskal Herrian utzi zuen biktimen kontakizun konpletoa, hiru probintziatakoa baita, baina kopuru zehatz eta xehetuak eman dituzte: 20.000 lagun hil zituen gerrak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Horietarik 5.800 hildakoren kasuak gizateriaren kontrako krimenak direla ere ondorioztatu du txostenak.

Eusko Jaurlaritzaren, Gogora Institutuaren, UPV/EHUko Giza Eskubideen Unesco Katedraren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen artean egin da lana.

Txostenaren funtsa kontaketak dira. Datubase bat osatu dute ikerlariek, eta 19.547 fitxa daude; 998 emakumeak dira eta 18.507 gizonak. Gainerako 42en generoa ezin izan da zehaztu.

Hildako soldaduen kasuetan, alde batetik miliziano eta gudariak zenbatzen dira (Errepublikaren aldekoak), eta bestetik matxinoak (Francoren aldekoak). Hona datu bateratuen taula nagusia:

Heriotzaren zergatia

Erregistro kopurua

Nazioarteko Zigor Zuzenbideak emandako kalifikazioa

Bombardaketak

1.363

Gizateriaren aurkako krimena, erailketarena

Borrokatik kanpoko bestelako zergati batzuk

247

Gizateriaren aurkako krimena, erailketarena

Judizioz kanpoko exekuzioak

1.130

Gizateriaren aurkako krimena, behartutako desagertzearena

Heriotza-zigorrak

895

Gizateriaren aurkako krimena, erailketarena

Kartzelan hildakoak

2.252

Gizateriaren aurkako krimena, erailketarena

Borrokan hildako gudari eta milizianoak

6.767

 

Borrokan hildako matxinatuak

5.479

 

Errepublikanoek borrokatik kanpoko ekintzetan eragindako hildakoak

955

 

Sailkatu gabe

910

 

GUZTIRA

19.998

 

Datu batzuk era xehetuagoan aipatzeagatik, nonbardaketetan 1.363 lagun hil ziren, gehienak Bizkaian (1.170); judizioz kanpoko exekuzioak (gizateriaren aurkako krimena dena) 1.130 izan ziren (Gipuzkoan gehien, 521): exekuzio ustez legalak baino gehiago (beste 895 hildako). Espetxean hilak 2.252 izan ziren, eta erailketatzat hartzen ditu hauek txostenak, zirkunstantziak kontuan hartuta.

Errepublikanoek borrokatik kanpoko ekintzan eragindako hildakoak 936 izan zirela ondorioztatu du txostenak, baina ez ditu delitu horiek gizateriaren aurkako krimentzat  hartzen, honengatik: "Errepublikanoen errepresiozko indarkeriak ez zion erantzuten plan ezarri eta antolatu bati, botere frankistako goi-karguek gauzatutako errepresioarekin gertatu ez bezala; azken horrek, izan ere, izu sistemati-koko eta aurkaria deuseztatzeko estrategia, jokabide-ildo edo estatu-plan bati erantzuten zion".

Hemen txostena, osorik, PDF dokumentuan. Lan honek jarraipena izango duela jakinarazi du Jaurlaritzak gaur, hau lehen fase bat dela.

Erantzun

Sartu