Teknologia albisteak

Mingaina Dantzan: udaleku kontzeptu desberdina

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-09-07 : 14:55

Aste honetan martxan da Mingaina Dantzan udaleku programaren lehen txanda (beste bat izango da aste pare bat barru). Euskarazko udalekuak dira, baina enfoke linguistiko berezkoarekin: Udaleku hauetan euskara modu ezberdinetan bizi duten gazteak bilduko dira eta elkar lagunduz hizkuntza indartsua, atsegina eta anitza dela ikusten saiatuko dira begiraleak.

Iaz probatu pilotu bat egin ondoren, aurten bi txanda antolatu dituzte Mingaina Dantzan antolatu duten Ebete hizkuntza aholkularitzako zerbitzukoek. Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, EUDEL eta UEMA ere proiektu honen atzean daude.

2017ko proba batean Mundakan egin zuten ideiaren lehen testetako bat. Eremu euskaldunetako eta eremu ez euskaldunetako 13-14 urteko gaztetxoak elkartu zituzten. Lehenengo taldekoentzat bi helburu zituzten: gaztelaniaz egiteko joera zutenekin euskara mantentzea eta beraiek hizkuntza ohiturez izan dezaketen eraginaz eta garrantziaz jabetzea. Bigarren taldearentzat beste bi helburu: ahalik eta denbora tarte luzeenetan euskaraz egitea eta euskaraz bizipen positibo indartsuak izatea. Bi eremuko gazteak nahastean arrisku bat zegoen, Argiak argitaraturiko erreportaia honen arabera: batzuek euskara askorik ez erabiltzea eta beste batzuek inoiz baino gehiago hitz egitea gaztelaniaz. Udalekuen ardatza euskara zela argi utzi zieten nerabe eta gurasoei egitasmoaren aurkezpen bileran. Beste gauza bat ere argi utzi zieten: ez zen barnetegia, udalekua baizik.

Ebete enpresako Iñaki Eizmendik hala aurkeztu izan ditu egitasmoaren xehetasunak: “Euskararen erabilera sustatzeko tresna ezberdinak daude; proiektu honetan horietako batzuen eraginkortasuna aztertuko da eta, horrez gain, beste baliabide batzuk lehenengoz garatuko dira. Ateratako ondorioak oso interesgarriak izan daitezke erabileran nola eragin aztertze aldera”.

Erantzun

Sartu