Teknologia albisteak

Test eta galderak, gure Ipar/Hego mugaren arrakala ikustarazteko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-06-28 : 10:37

Bi euskaltzale eta kulturgileren proposamenak aste honetan, Kike Amonarriz telebistako izarrarena bata eta Goizalde Landabaso kazetari eta idazlearena bestea: Ipar eta Hego Euskal Herria banatzen duen muga arrakala izugarria da, eta gainditzen ahalegina egiteko engaiamendua behar genuke euskaldunok. Biek "galdetegi praktikoekin" ilustratu dute erreibindikazioa, gainera.

Landabasoren zutabea asteartean argitaratu zen Berrian (ikus erreakzio batzuk Saretik atalean), Mugaz bestaldekoak izenburuarekin. Nolabait erreferentzia bat sumatzen da, Bernardo Atxagaren poema harena, baina efektu poetikoa barik, kulturala eta politikoa eragin nahi du Landabasok. Horra galderetako batzuk:

Esan diezadakezu mugaz bestaldean dagoen euskal idazleren edo musikariren baten izenik? Noiz ospatzen ditu jaiak Baionak? Zein herritan jaio zen Maurice Ravel? (...) Zenbat alderdi politiko dago iparraldean? Ofiziala da euskara?

 Zenbat galdera erantzuteko gai dira Hegoaldetarrak?

Kike Amonarrizek beste ariketa didaktiko bat proposatu zuen Ahoz Aho programan atzo. Mugaren arrakala agerrazteko bost galderako test txiki bat prestatu zuen. Goian duzue itsatsita irudiz, eta Hegoaldekoentzako bertsioa da hori, baina alderantzizkoa ere idatz zitekeen. Bai / Ez erantzuteko galderak dira. Ekin eta egizu aproba, irakurle:

  1. Ikasturte honetan zapaldu duzu Iparraldea?
  2. Entzun duzu aurten Iparraldeko musika-talderen baten kontzerturik?
  3. Esango zenituzke Nafarroa Behereko edo Zuberoako 10 herri izen, hiriburuetatik aparte?
  4. Egon zara azken 3 urteotan euskarazko kultur ekitaldiren batean Iparraldean, Herri Urratsez gain?
  5. Hitz egin duzu aurten euskaraz Iparraldeko hiztunen batekin?

Amonarrizek dio baiezko erantzunak bi edo gutxiago badirela, muga gainditu eta mugaz bestalde ibili beharra duzula. Ahoz Ahoko bere tartetxoan, hain zuzen ere, udako oporretarako hiru proposamen eman zituen:

  • Uda baliatzea mugaz gaindiko harremanak estutzeko
  • Euskararen historiari buruzko dibulgaziozko liburuak
  • Atzerrian euskara ikusiz gero traolaz zabaltzea.

Badugu zereginik uztail-abuzturako.

Erantzun

Sartu