Teknologia albisteak
2

Remarkable, tinta elektronikozko tablet benetan originala

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-06-16 : 09:13

Remarkable izeneko tableta modan jartzen ari den produktu nahiko originala da (marka komertzial gisa, reMarkable eran darabilte). Liburu elektronikoak irakurtzeko e-book irakurgailua izatez gain, oharrak hartzeko koaderno elektronikoa ere bada.

Kindle eta e-book irakurgailuen tinta elektronikozko pantaila du Remarkablek, baina Kindle-etan ez bezala, bertan idazteko erraztasun handia ematen du, ukipenezko arkatz batekin. Marrazkiak edo idazketa, berehala bihurtzen ditu irudi, eta eskuzko idazketa testu bihurtzeko gaitasun handia du. OCR moduko funtzio horretarako, ezarpenetan adieraz dezakezu zein den zure hizkuntza lehenetsia, eta euskara ere agertzen da aukeren artean.

Era berean, eskuzko ohar horiek hartzeko orduan txantiloi sorta bat kargatu dezakezu aurretik, eta horrela sortuko den dokumentuak jada formatu jakin bat izango du: egiteko zerrenda bat, maketa jakin bat duen orria, edo dena delakoa. Euskarazko testua ere ondo bihurtzen du sistemak, konprobatu ahal izan dugunez.



Oharrak, azpimarrak, atal nabarmenduak eta antzeko gehikuntza pertsonalak gailuak irekitzen dituen PDF dokumentuen eta Epub formatuko liburu edo agiri elektronikoetan ere egin daitezke. Baina horiek dira hartzen dituen formatuak, ez ofimatikako besterik.

Konektibitate nahiko itxia du Remarkablek: wifia bai, baina ez du disko gogor propiorik, edo USB konexiorik. Eskuz idazten duzuna testu bihurtzeko, adibidez, wifia behar duzu eta konbertsioa, irakurketa-idazketa, beraz, Remarkable-ren Norvegiako zerbitzarietan gertatzen da (suposatzen denez). Era berean, dokumentu eta liburu kudeaketa egiteko, aplikazio mugikor batetik edo web bidez sinkronizatzen duzu. Norvegiako laino edo zerbitzari horietan dago zure edukia, bertara igotzen duzu, edo bertatik jasotzen duzu Remarkable tabletan ikusi dakusazuna. Segurtasun edo pribatutasunaren aldetik ziurtasunak ematen ditu enpresak, noski, baina jakizu edukia non gorde eta prozesatzen den gailua erosten baduzu.

Remarkable-a ez da tresna merkea. 500 euro inguruan hasi zen merkaturatzen, baina orain are garestiago dago, nonbait eskaera handia egonez aprobetxatzen ari baitira. Oslon, Norvegian, du egoitza enpresak, eta 2013tik da haren bultzatzailea Magnus Wanberg.

ULMA talde kooperatiboaren zerbitzu zentraletan lan egiten duen Mikel Kerejeta ingeniariak erakutsi digu gure irudietako Remarkable hau. Helburu pertsonala du Kerejetak, enpresako jardunean eragitekoa, ULMAko bulego horietan paperaren eta inprimagailuen gehiegizko erabilpena murrizten laguntzea tablet hauen bitartez.

Erantzunak

2019-06-16 : 14:04

Galdera bat: aurretik paperean idatzitakoa sartu al da gailuan, digitalizatu dezan? Eskerrik asko.

2019-06-17 : 12:19

Ez, irudi formaturik ez du prozesatzen gailuak. Bertan idatzitakoa letra bihurtzeko dago pentsatua.

Erantzun

Sartu