Teknologia albisteak

Elkarlan eta gobernantza ereduak Udaltop-en aurtengo edizioan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-05-15 : 12:36

Udaltop jardunaldiaren 11. edizioa da aurten, eta lema honekin garatuko da aurtengoa: "Elkar ulertzetik elkarrekin lan egitera... Ados?". Lema horrekin elkarlan ereduak eta Gobernantza eredu berriak aztertuko dituzte; eta, Euskaraldiak ere, izango du bere protagonismoa Lasarte-Oriako Kultur Etxean, jardunaldiaren egoitzan.

Udaltop, Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketei, bihar emango zaie hasiera Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean. Elkar ulertzetik elkarrekin lan egitera… Ados? izenburupean, elkarlan eredu eta Gobernantza eredu berriak aztertuko dirtuzte: Udaltop bera ere elkarlanaren fruitua da.

Ekitaldian, hizlarien eta parte hartzaileen artean Euskal Herriko txoko guztietako 210 partaide bilduko dira: Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko, Nafarroako, Lapurdiko, Nafarroa Beherako euskara teknikariak, arduradun politikoak, irakasleak, hizlariak eta beste hainbat esparruetako langileak. Udaltopen osasun egoera onenaren erakusle dira zifra horiek.

Hitzaldiak eta talde-lana

Beste urtebetez antolamendu batzordeak egitarau oparoa osatu du aurtengo ediziorako: hamaika hitzaldi, talde lanaren bitartez eraikiko den berrikuntza sozialerako plataforma bat, Euskal Herriko euskara zerbitzuen lehen fitxategi osatuaren aurkezpena, testigantzak eta amaiera ekitaldia izango den emanaldi berezia.

Jardunaldietan bi atal ezberdintzen dira: batetik, elkarlan eta Gobernantza eredu berrien inguruko ponentziak izango dira; eta bestetik, Euskaraldiari lotutakoak.

Lehenengo blokean bi hitzaldi teoriko, lau esperientzia praktiko, mugaz gaindiko lankidetzaren inguruko ikuspegi kritikoa eta parte hartzaileen galdera, iradokizunak eta kezkak argitzeko tartea izango dira.

Azkeneko bi edizioetan bezala Euskaraldiak ere izango du bere protagonismoa. Orain arteko esperientzia on eta txarretatik ikasteko hitzaldia antolatu dute eta Euskaraldiaren antolatzaileei egindako inkestak utzitako ikerketa kualitatiboaren berri emango da. Hain zuzen, ikerketa honek bide emango dio talde-lanari.

Ordu laurdeneko aurrerapena

Ohiko dokumentazio jasoera eta hasiera ekitaldiak bidea irekiko die hitzaldi eta talde-lanei. Hamaikagarrenean bada berrikuntza txiki bat eta dokumentazio jasoera 15 minutu aurreratu da, 8:45era. Hasiera ekitaldia 9:00etan hasiko da “Zazpiak bat: elkarlana etxetik hasten da” izenburupean. Antolamendu Batzordea osatzen duten erakundeetako ordezkariak izango dira bertan.

Hasiera ekitaldian, gainera, Euskal Herriko euskara zerbitzuen lehen fitxategia aurkeztuko dute eta, bertan, mapan zehar bidaiatuz udalerrietan geldialdia egin eta herri bakoitzeko euskara zerbitzuen datuak eskuratu daitezke. Momentuz, www.udaltop.eus webgunean egongo da ikusgai fitxategia.

Osteguneko bidai luzea Mario Zubiagak hasiko du; “Nola autogobernatu hobeto (herriko hizkuntza) komunitatea” izenburupean ponentzia eskainiko du. Jarraian, Arkaitz Bernaolak, Iratxe Goikoetxeak eta Miren Madariagak “eusGara: hizkuntza, balio erantsi Arratiako enpresen garapenean. Elkarlanaren emaitza” bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da.

Goizeko atseldenaldiaren ostean, Gartzen Garaiok eta Joeba Llanok hartuko dute hitza “Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua: elkarlana, nor izateko” ponentzia eskainita. Iban Arantzabalek eta Maria Ubarretxenak “Kudeaketan ezkonduak eta kazetaritzan dibortziatuak” izenburupean arituko dira. Goizeko azken saioko protagonista Iñigo Urrutia izango da “Euskalgintzaren lankidetza bideratzeko formula berrien bila” hitzaldiarekin.

Euskara teknikari, arduradun politiko, irakasle, hizlari eta hainbat esparruetako langileen tripa zorriak kentzeko asmotan Araeta Sagardotegira joango dira eguerdian. Beren artean egingo dituzten Udaltopak eta bazkariak bide emango die arratsaldeko jardunari, Eneko Bidegainen “Bagare ala ez gire? Guraizeetatik jostorratzetara” irakurketa kritikoari eta Iñigo Urrutiaren eta Xabier Lertxundiren “Elkarrizketa legelari eta kontu-hartzaileekin, lankidetza publiko-sozialerako formulez” ponentziari.

Topaketen bigarren eguna izango da ostirala. Gorka Espiauk emango dio hasiera ostiraleko jardunari “Zein izan behar dira euskalgintzaren baloreak XXI. mendean?” hitzaldia eskainita. Jarraian Estitxu Alkortak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, eta Jasone Mendizabalek, Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak, “Euskaraldiko lankidetza esperientzia txarretatik ere ikas genezake?” izenburupean arituko dira.

Horiei testigua hartuko die Josune Zabalaren, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako hizkuntza ikerketa eta koordinazio zuzendariaren, eta Uxoa Anduagaren, Soziolinguistika Klusterreko teknikariaren, “Euskaraldia: mungimendu mintzoa” ponentziak.

Erantzun

Sartu