Teknologia albisteak

Esaera Zaharren XXVI. Txapelketa Uribe Kostan (Bizkaia)

Erabiltzailearen aurpegia
Uribeko Kostako AEK
2019-04-17 : 07:56

Maiatzaren 4an egingo dugu Esaera Zaharren Txapelketa, Sopelan. Hemen duzue horren gaineko informazioa. Izena emateko azken eguna apirilaren 29a izango da.

1. Txapelketa taldeka egiten da (2, 3 edo 4 kide, 16 urtetik gorakoak).

2. Izena emateko azken eguna APIRILAREN 29a izango da. Hauexek eman beharreko datuak: taldearen izena eta kideren baten telefono-zenbakia edo helbide elektronikoa.

3. Taldeek 10 € ordaindu beharko dute izena ematean, inskripzio gisa. Bazkarirako, 18 € pertsonako (BEZa barne). Mesedez, dirua aurretik sartu kontu honetan: ES02 3035 0196 73 1961090811 (Laboral Kutxa) taldearen/kide baten izenaz (adibidez: 4 pertsona x 18 € + 10 € = 86 €). Adi, Korrika-laguntzaileak!

4. Txapelketan, izenaz gain, taldeek zenbaki bana izango dute: 1. taldea, 2.a, etab. 

5. Parte-hartzaileek 100 esaera zahar dute ikasteko. Horietako bat, haatik, ez da benetakoa. Esaera “berria” identifikatzen duenak sariren bat izango du; edonola ere, esaera hori besteak bezalaxe erabiliko da txapelketan.

6. Txapelketak BI SAIO ditu: eguerdian KANPORAKETAK, eta arratsaldean FINALAK;  bietan, bertsoei dagozkien esaerak asmatzea da gakoa. Horretarako, hainbana bertso entzungo dituzte taldeek, ordena jakin batean. Bertsoa behin edo birritan kantatuko da (dagokion taldeak hala eskatuta), eta orduan minutu bat emango da erantzuteko, bozeramalearen bidez. Erantzun bakarra onartuko da taldeko. 

7. Ez dago esaerak edozein modutara esaterik: epaileak ontzat emateko, esaera bakoitza zerrenda ofizialean agertzen den era berean (hitzez hitz) adierazi behar da. Logikoa denez, txapelketan zehar ezin da zerrenda eskuan edo bestelako edozein euskarritan izan.

8. Taldeak, bere txandan, asmaturiko esaera bakoitzeko BI puntu eskuratuko ditu. 

9. Esaera asmatu ezean, gainontzeko taldeek erreboterako aukera izango dute, baina bertsoa ez da berriro kantatuko. Erreboterako ordena aurretik zozketatuko da, eta asmatuz gero, puntu BAT esleituko da. 

10. Edozein zalantza sortzen delarik, epaile ahalguztidun orojakileak erabakiko du.

11. Goizean, ibilbidetan banatzen dira taldeak. Bakoitzean puntu gehien batzen duen taldea joango da FINALERA; arratsaldean puntu gehien lortzen duena izango da IRABAZLEA.

12. Kanporaketetan zein finalean HAINBANA gertatuz gero, bertso bana (edo behar direnak) kantatuko da, harik eta berdinketa apurtu arte. 

13. Antolakuntzak eskubidea du honako oinarriak aldatzeko, beharrezko iritziz gero. 

14. Finala gidatzeko, Epaimahaia eratuko da; Antolakuntza-taldeak erabakiko du nork (eta zenbatek) osatuko du(t)en. 

15. Txapelketan parte hartzeak ezinbestean dakar oinarriok onartzea. Hala ere, beti egongo da kexatzeko eskubidea, ahoz edo idatziz. Edozelan ere, ez dago aurkaratzerik.

 

Erantzun

Sartu