Teknologia albisteak

Lau Haizeetara, Bizkaiko funts zaharren bilatzailea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-02-23 : 10:09

Martxan dago jada Bizkaiko Foru Aldundiaren Lau Haizeetara plataforma digitala. Bere fondoetan gordetako ale zahar eta kutunenak aurkitu eta bistarazteko liburutegi digitala da. 15. eta 18. mendeen artean argitaratutako hainbat lan daude, baita eskuizkribuak eta lan grafikoak ere,.

Zortzi atal edo funtsatan dago banatua, Artxibo pertsonalak, Kartografia, Antzinako Funtsa, Euskal Funtsa, Hemeroteka, Inkunableak, Eskuizkribuak eta Material grafikoa. Aleak PDF edo JPG bihurtu dira, eta 9.6 milioi irudi digitalizatu biltzen dura guztien artean.

Lau Haizeetararen barruan dauden Bizkaiko Foru Liburutegiak dituen 47 inkunableak (XV. mendean inprenta agertu zenetik 1500 urtera arte inprimatu ziren liburuak). Halaber, XIII. mendetik gaur egunetara arte eskuz idatzitako liburuak biltzen ditu: Nafarroako La Oliva Monasterioko bi, 1203 eta 1204koak; 1636an Pedro de Texeira kosmografo portugaldarrak egin zuen mapa, Gipuzkoako itsasertza eta Donostia, Hondarribia, Pasaia eta Getariako portuak ilustratzen dituena; Astarloaren obrak; Unamunoren gutunak... Bizkaiko Foruaren lehen edizioa ere bertan dago ikusgai, Burgosen inprimatu zuena Juan de Juntak 1528an, edota euskaraz inprimatu ziren obrarik zaharrenetan zenbait: Agustimn Kardaberaz, Sebastian Mendiburu, Juan Antonio Mogel, Axular...

Zuzendu beharrekoak ere

Lastima da, ordea, JPG edo PDF-ak deskargatu beharra dagoela materiala ikusteko. Beste liburutegi digital batzuekin alderatuta puntu negatibo bat, teknikoki hain zaila ere ez litzatekeena konpontzeko. Esate baterako, Baltasar Etxaberen 1605. urteko liburu eusko-iberista eta tubalista ezaguna, Discursos de la antiguedad de la lengua cantabra bascongada, hobeto kontsultatzen ahal da Eusko Jaurlaritzaren Liburuklik biltegian, edo Espainiako Liburutegi Nazionalean, Lau Haizeetara zerbitzu berri honetan baino.

Bestalde, edukiaren lizentziari buruzko ohar onartezina ere badu zerbitzuak.

liburutegibiltegi.bizkaia.eus web atarian dauden irudien (jabari publikoko edukiekin) merkataritzakoa ez den erabilera baimentzen da. Baldintza moduan beti aipatu behar da honakoa: “irudian kopiatzen den jatorrizko obra Bizkaiko Foru Liburutegia/Biblioteca Foral de Bizkaia erakundearen funts bibliografikoetakoa da eta bere jabetzakoa da”. Dena dela, Bizkaiko Foru Liburutegiak obraren gainean izango dituen eskubide guztien berariazko titularra izaten jarraituko du. Irudi horien erabilerak ez du esan nahi berariaz lagatzen direnik.

Bizkaiko Foru Aldundia ale fisikoen jabe da, baina digitalizatutako irudien jabetza publikoa da (kontsulta egin dugu Euskal Wikilarien elkartearekin), duela zenbait mendetako materiala baita, eta beraz, jabari publikoan daude. Espainiako legedian argazki soilaren jabetza esistitzen da, 25 urtez aplika litekeena, baina eskaner hutsetan ez dago lan kreatiborik, eta irudi hauek guztiak domeinu publikoan daude beraz, Wikipedian erabiltzeko moduan.

Erantzun

Sartu