Mozilla fundazioaren proiektu inportantea da Common Voice. Makinei hizketa irakasteko egitasmoa da, software eta eduki librez garatzekoa. Eta hainbat hizkuntzatara hedatu delarik proiektua, euskaraz ere badago aste batzuetatik hona. Hemen azaltzen dizuegu nola erabili eta kolaboratu, euskarazko ahots-ezagupen librea posible izan dadin.
Informatikaren garapen funtsezko bat da 21. mende honetan. Ahotsezko aginduak ulertzen dituzten gailuak gero eta hedatuago daude, baina hizkuntza handienetan bakarrik, eta ingurune itxietan (Appleren Siri sistema itxian, adibidez). Mozilla Fundazioak hizkuntza guztientzako ateak ireki ditu Common Voice-ren bidez, eta emaitzak teknologia librea izango dira, era guztietako gailuetan integratzeko modukoa (teorian bederen).
Iaz hasi zen martxan Common Voice zenbait hizkuntzatan, baina euskarazko bertsioa duela aste gutxi aktibatu zen. Baina ez bakarrik dago webgunea gure hizkuntzan, batez ere lana eskatzen du. Izan ere, Common Voicek emaitzak eduki ditzan, bazka eman behar zaio. Ahozko adibideak eman behar dizkiogu, euskaraz, euskara ulertzen amaitu dezan.
5.000 esaldiko korpus batekin Common Voice trebatzea da kontua. Ez 5.000 grabaketa lortu eta kito, baizik eta esaldi bakoitza ahalik eta lagun gehienek grabatu dezatela. Eta norberak grabatzeaz gain, beste ahots batzuekin esandakoak balioztatzea ere bada kontua.
Nabigatzailearen bidez funtzionatzen du Common Voicek. PC ordenagailuan mikrofonoa baduzu, ederto; baina denok grabatzeko aukera dugun gailua telefonoa denez, horrekin egitea grabaketak da errazena. Audio grabaketaren kalitatea ez da akaso onena izango, baina pentsa dezagun ere kontestu horretan funtzionatu beharko duela gero teknologia: telefono bati, edo etxeko tresnaren bati egongelan egin beharko diogula euskaraz egunen batean.
Izena ematen baduzu, adina eta sexuaz gain, euskara ama-hizkuntza ote duzun ere bete dezakezu, eta baita, nahi izanez gero, "azento" alorra.
Ondoren, bi ariketa eginez lagundu dezakezu. Hitz egin, proposatzen zaizkizun esaldiak (bosnaka) ahoskatuz, edo Entzun eta beste batzuenak balioztatu (bosnaka aurkeztuak hauek ere).
Hona ahots grabaketaren adibidea:
Eta beste pantaila honetan, beste norbaitek grabatutakoa entzun eta baloratzeko eskatzen zaizu:
Aholkua: besteen ahoskera baloratzeko orduan ez izan zorrotzegi: "erregioa" ikusten baduzu idatzia, ontzat eman daitezke beharbada erregioa, errekhioa eta erredxioa ahoskerak, izan ere, pentsatu gero euskaldunon benetako ahoskerak igarri behar dituela teknologiak.
Bisitatu https://voice.mozilla.org/eu eta probatu.
Erantzun
Sartu