Teknologia albisteak

Seaskak 50 urte beteko ditu apirilean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-02-17 : 11:22

1969ko apirilean hasi zen Seaskaren historia bi emakumeren arteko istorio batetik. Baionan bizi zen Argitxu Noblia emakume abertzaleak bere haurrak euskaraz hazi nahi zituen, ikasketak euskaraz egin zitzaten nahi zuen, eta hala, Libe Goñi irakasle errefuxiatuarengana jo zuen. Eta hortxe ezarri zen Seaskaren hazia: Iparraldeko emakume abertzale baten eta Hegoaldeko irakasle errefuxiatu baten artean.

Hona mende erdiko historia horren mugarri batzuk:

  • 1969an abian ipini zuten lehendabiziko ikastola, Arrangoitzen (Lapurdi).
  • 1984an hasi ziren Herri Urrats ospatzen.
  • 2005ean 24 ikastola eta 2.129 ikasle zituen federazioak.
  • 2009ko maiatzean Frantziako Hezkuntza Nazionaleko Ministerioarekin 3 urtetarako akordioa lortu zuen ikastolak garatzeko.
  • 2013an, prefetak salaketak jarri zizkien Beskoitzeko eta Hendaiako herriko etxeei, Seaskari lurrak alokatu eta inbertsioetan laguntzeagatik. Hendaian, arazoa konpontzeko, herriko eskola publikoa bi zatitan banatu zuten eta alde bat ikastolako haurrentzat erabiltzea adostu zuten.
  • 2014-2015 ikasturtean 3.220 ikasle ari ziren ikasten.
  • 2016-2017 ikasturtean 34 ikastola ziren, 3.388 ikasle inguruk euskaraz gauzatzen zituzten beren ikasketak, ama-eskolatik batxilergora arte. Beñat Etxepare Lizeoan, bigarren hezkuntzan eta batxilergoan, 2016-2017 urterako 265 ikasle ziren
  • 2016-2017 ikasturtean halaber, lehen aldiz, Lanbide Heziketa ikasteko aukera izan zuten 25 ikaslek.

2019 honetan, Seaskaren proiektuaren baitan 36 ikastola, 4.000 ikasle eta 2.500-3.000 familia inguru biltzen dira gaur egunean. Bere eginkizuna irakasleen bidez sistema oso bat transmititzean datza, lau zutaberen inguruan:

  • Euskara. Seaskan elebidun osoak eta bereziki euskaran osoak izan daitezen lan egitea.
  • Kultura eta identitatea, euskaldun gisa bizi nahi izatea edo garatzea.
  • Militantismoa: izan guraso edo irakasle Seaskak oraindik militantismoa behar da.
  • Hezkuntza proiektua: pedagogia eta hezkuntza norabidea markatzen duen hezkuntza proiektua du Seaskak. Hezkuntzako hainbat balio eta printzipio finkatzen ditu eta horiek pasarazi nahi dizkiete irakasleen formakun-tzan, gero ikastoletan gauza dezaten.

Erreportaia oso bat urteurrenari buruz, Hik Hasi agerkarian.

Erantzun

Sartu