Teknologia albisteak

Erastop, eraso matxisten kontrako aplikazioa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-02-07 : 09:00

"AgreStop/EraStop" aplikazio doakoa da, bai Androiderako, bai iOSerako. Erasoak ekiditeko plataforma honek berehala abisatzen dio, ezarrita dagoen tokietan, Udaltzaingoaren zentro koordinatzaileari, deirik egin beharrik bari. Bilboko aplikazioari esker, gizonezko bat atxilotu zuten Arabellako auzoan duela aste batzuk. IOS sistemadun 5.400 mugikorretan jaitsi da, eta 9.610 Android sistemadunetan.

Aukera hauek ditu aplikazioak:

• “ABISATU POLIZIARI” botoia. Momentuko kokapenaren eta erasoaren berri emango zaio gertuen dagoen Udaltzaingoari, kasuari lehentasuna emango zaio, eta poliziaren baliabide guztiak aktibatuko dira.

• Eraso baten aurrean erabil dezakezu, edo, baita, kalean zoazela zeure burua arriskuan ikusten baduzu.

• Pantaila ukitu bezain laster Udaltzaingoan alarma joko du. Udaltzainek berehala jakingo dute pertsona hori non dagoen, eta mapa batean ikusiko dute nondik mugitzen ari den. Alarma jo bezain laster aterako dira pertsona horrengana, eta abiatzen diren bitartean deitu egingo diote.

• Aplikazio hau ez da jolas bat. Arduraz jokatu!

• Deia egiten baduzu udaltzainak zuregana joango dira, 112 deiekin egiten den bezala. Beharra duzunean bakarrik erabili, alegia, zeure burua arriskuan ikusten duzunean.

• Laguntza emateko pantaila bat, “KOKAPENA PARTEKATU” botoiarekin. Zure kontaktuen zerrendan aplikazioa deskargatuta dutenen artean aukeratu dezakezu nork lagunduko dizun, era birtualean, joan nahi duzun lekura iritsi arte. Berak mapa batean “denbora errealean” ikusiko du nondik zoazen, eta zerbait arraroa sumatzen badu, zuri edo Udaltzaingoari dei diezaioke aplikazioaren bitartez.

• Norbait laguntzen ari zaizunean, “ABISATU POLIZIARI” aukera ere izango duzu.

• Eraso bat ikusten duzunean ere dei dezakezu aplikazio honen bitartez.

EDOZEINEK JAKIN DEZAKE ZEIN DEN NIRE KOKAPENA?

Ez. Aplikazioa martxan jartzen duzunean bakarrik aktibatzen da zure kokapena. Bestela ez du kokapenik bidaltzen. Udaltzaingora deitzen baduzu, haiek bakarrik ikus dezakete non zabiltzan. Eta “kokapena partekatu” erabiltzen baduzu, aukeratu duzun pertsona horrek bakarrik ikusiko du zure ibilbidea.

Erantzun

Sartu