Teknologia albisteak

Hacking egiten etxebizitzen merkatuari: adibide komunitarioa Errenterian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-02-08 : 09:41

Errenterian izen-ematea prozesua irekitzen da gaur, Gazteen Etxebizitza Komunitarioko logelen zozketan parte hartzeko. 26 gaztek alokairu duina izango dute herriko 180 gaztek eta udalak elkarlanean eraikitako proiektuari esker. Amaituta daude etxebizitzetan egin beharreko obrak, azken ukituak ematen ari dira.

Errenteriako Udaleko Gazteria azpisailak “Marea gora” prozesu parte hartzailea jarri zuen martxan 2016-2017 ikasturtean zehar, haur, nerabe eta gazteen iritziaren bitartez herriko behar, indargune eta ahulguneak identifikatzeko; finean, 0 eta 30 urte bitarteko herritarren ahotsa entzun eta balioan jartzeko. Prozesuan zehar 2.500 herritar inguruk hartu dute parte, espazio eta molde ezberdinetan.

18-30 urte bitarteko gazteen kezka nabarmenena emantzipatzeko zailtasuna dela ondorioztatu zen. Izan ere, gazte ororentzat bizitzan aurrera egiteko pausu garrantzitsua da emantzipazio prozesua, norbere autonomian sakondu ahala eta bizitzan erabakiak hartzeko orduan beharrezko bilakatzen den errealitatea baita. Haren bi ardatz nagusiak etxebizitza eta lana dira.

Etxebizitzari dagokionez, jendartean nagusi den etxebizitza politikaren aurrean alternatiba bat eskainiko duen eredu baten bila,, Katalunia, Holanda eta Danimarkako esperientziak oinarri hartuta, gurean aitzindaria den proiektu bat jarri zen martxan: gazteentzako etxebizitza komunitarioa.

Proiektuaren ezaugarri nagusiak

  • Etxearen jabetza publikoa: jabetzari dagokionez, eredu aldaketa bat planteatzen da; etxebizitzaren jabetza pribatua izan ordez, publikoa izango da (Udalarena). Horrek esan nahi du inork ezin duela etxe horietako baten jabe izan; alegia, etxebizitza eskubide bilakatzen da, ez jabetza pribatu.
  • Bizitzako fase bati erantzuna ematea: ez da luzera begirako bizi proiektu bat eraikitzeko etxebizitza, fase emantzipatzaile bati erantzuten dio, behar konkretu bati. Ondorioz, gaztea gehienez 3 urtez bizi ahalako da etxe horietako batean. Bi baldintza daude etxean sartu ahal izateko: 18 eta 30 urte bitarte izatea kontratua sinatzen den egunean, eta Errenterian erroldatua egotea, gutxienez kontratua sinatu baino 6 hilabete lehenagotik.
  • Bizitza komunitarioa erdigunean: izaera komunitarioa izango du etxeak, bai espazioaren antolakuntzari dagokionez, bai bertako bizitzari dagokionez. Hala, bi ezaugarri nagusi edukiko ditu:
    • Komunitarioa barnera begira, etxeari dagokionez: bizitza komunitarioa egiteko espazioak izango ditu; era berean, bitarteko materialak ere partekatu egingo dira (etxeko tresneria).
    • Komunitarioa kanpora begira, herriarekiko: bertan bizi direnek ekarpen bat egingo diote komunitateari (auzoari, herriari), bakarka edota taldean.
  • Ekarpena dirutan eta ordutan: errentamendu sozialaren ideia dago erdigunean; norberaren diru sarreren % 15 ordainduko du gazte bakoitzak (gutxieneko bat ezarrita: 90 € hilean). Diru kopuru horretan bilduta daude gastu guztiak. Era berean, denbora bankuaren filosofia oinarri hartuta, norberaren denbora eskainiko zaio herriari, eragile eta ekimen ezberdinetan ekarpena eginez (bakoitzak hilean 9 ordu / taldeak urtean 2 proiektu).
  • Eredu berri baten hazitegi: proiektua behar konkretu bati erantzuteko sortu bada ere, arrakasta izango balu, ate asko irekiko lizkieke filosofia horren baitan eraiki nahi diren bestelako proiektuei; bai etxebizitzarekin loturikoei, bai arlo sozioekonomikokoei. Era berean, etxebizitza politikan paradigma aldaketa bat ekar lezake, erakutsita posible dela beste eredu batzuen baitan bizitzea, eguneroko bizitza beste eredu baten gainean eraikitzea.

Proiektuaz informazio gehiago hemen.

Erantzun

Sartu