Teknologia albisteak

Bikoiztaile euskaldunek plantoa iragarri dute Zinema Euskaraz programarako

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-01-28 : 16:03

Euskarazko bikoiztaileek ez dute film gehiagorik bikoiztuko Zinema Euskaraz programarako. Profesional hauek batzen dituen Bieuse elkarteak lanaren egonkortasuna bermatzea eta baldintzak hobetzea eskatzen du plantoari buelta emateko.

Xabier Alkiza Bieuse elkarteko kideak salatu du azken urte hauetan bikoiztaileen lana erabat prekarizatu dela, erakunde publikoek prezioak % 35 jaitsi dituztela azken sei urteetan eta euskarazko lanak laurden batera murriztu direla tarte horretan.

Une honetan, Zinema Euskaraz programaren baitan, urteko 12 film bikoizteko konpromisoa hartua dauka Eusko Jaurlaritzak, haur eta gaztetxoentzat. Izan ere, Kultura Sailak haurrentzako bikoizketari ikusten dio zentzua; helduentzako ikus-entzunezkoetan, jatorrizko bertsioari eutsi eta euskaraz azpidaztearen alde egin izan du. Bieuse elkartearen datuen arabera, gaur egun 70 bikoiztaile profesional inguru daude sektorean, eta horietatik 40 dira elebidunak.

Planto hau dela eta, Bieuseko kide Iñaki Beraetxe (Donostia, 1963) elkarrizketatu du Zuzeuk. Kontundentea da Beratxe:

"Badaramazkigu urteak eta urteak ez konbeniorik, ez ezer erregulatu gabe, eta enpresa bakoitzak bere aldera jo du. Garai batean bikoizketaren zioa hori zen, ez zegoenez ekoizpen propiorik, kanpotik ekartzen zen eta euskaraz bikoiztu. Gerora, ekoizpen propioa egin behar zela esaten zuten. Kontua da iritsi garela une batera zeinetan ez baitagoen ez ekoizpen propiorik, ez bikoizketarik ezta azpititulurik ere. Ezta pulamenturik, eta ez ezer."

Erantzun

Sartu