Teknologia albisteak

Eitb.eus-ek 3.500.000 milioi erabiltzaile ditu hilean, %11 euskarazko orrietan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-01-07 : 09:08

2018a Eitb.eus webgunearen historiako urterik onena izan da, EITB beraren datuen arabera. Egunean batezbeste 150.000 erabiltzaileko muga gainditzea lortu du. Gainera, hilabetean 3.425.152 izan dira.

Twitterretik egindako galderari erantzunez zehaztu dute trafiko horren %11 dela euskaraz. 2017ko datuekin alderatuta, % 15 baino gehiago hazi da eitb.eus, eta bere historiako urterik onena izan da 2018a. 

2018an bisita gehien izan dituzten edukiak aktualitate alorrekoak izan dira. Horrela, bada, albisteen atariak izan du jarraitzaile kopururik handiena. Arrakasta handiena izan duten gaiak Altsasuko zortzi gazteren aurkako epaiketa eta hondamendi naturalak izan dira; Fuego sumendiaren erupzioaAmerikan izandako lurrikarak eta Indonesian abenduaren bukaeran gertatutako tsunamia. Martxoaren 8ko greba feministako edukiek eta jaietako programek ere arrakasta handia izan dute, eta euskarazkoen artean, bertsolaritza txapelketen ingurukoek.

Kirol esparruko gaiei dagokienez, futbola, txirrindularitza eta arrauna izan dira nagusi. Errusiako Munduko Futbol Txapelketa, Euskal Herriko Itzulia, Italiako Giroa, Frantziako Tourra eta Euskal Herriko Arraun Txapelketa nabarmendu behar dira.

Hilean, batez beste, 50.000 erabiltzaile izan ditu Euskal Irrati Telebistak bere bi aplikazio nagusietan ("Go!azen" telesailarena eta EiTB berarena), eta azken hilabeteetako datuek nabarmen egin dute gora "Go!azen" telesaila ETB1era itzuli denetik. Abenduan, 25.000 umek eta gaztek erabili dute saioaren aplikazioa.

Sare sozialen bidez, batez beste, 830.000 bisita iritsi dira hilean EiTBko edukietara. Facebook da sarrera iturri nagusia, 700.000 bisita eman baitizkio eitb.eus-i, eta Twitterrek, berriz, 110.000. Instagrami dagokionez, gero eta indar handiagoa hartzen ari da, gazteen artean bereziki, eta Gaztea eta EiTBren kontuek gero eta jarraitzaile gehiago dituzte, baita saioetakoek ere.

Erantzun

Sartu