Teknologia albisteak

TextReference, testuingurudun hiztegi euskalduna

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-12-12 : 09:36

Sareko hiztegi euskaldun berri bat sortu dela jakin dugu: TextReference.com. Testuingurudun hiztegi bat da, hitz eta esamoldeen ordainak itzulpen memoria handietan bilatzeko aukera ematen du era horretako hiztegi batek, eta itzulpenetako aukeretan aurkitzen du sistemak erantzuna, definizioetan oinarrituta egon barik.

Mikel Artetxe informatikariak sortu du sareko hiztegi berri hau, eta berarekin 2. saria lortu du Open Data Euskadiren aplikazioen lehiaketa batean.

Merkatuan dauden era honetako produktuak, beste testuingurudun hiztegiak hala nola Linguee edo Reverso Context, hizkuntza gutxi batzuetara mugatzen dira eta, zoritxarrez, euskara ez da horien artean aurkitzen. Hutsune hori betetzera dator TextReference, zeinak honako hizkuntza pareak eskaintzen dituen: Euskara - Gaztelania eta alderantziz, eta Ingelesa - Gaztelania eta alderantziz.



Itzulpen parekideak datutegi publikoetatik eskuratu dira, eta horregatik da Open Data erabilpenen adibide bat proiektua. Orotara 700 mila itzulpen adibide baino gehiagoren artean bilatzeko aukera eskaintzen du.

Hitz solteak edo esamoldeak bilatzen ahal dira TextReference-n. "No obstante" gaztelanatik euskarara bilatuta ematen duen irudia itsatsi dugu goian, eta hemen beherago ere bertsio mugikorrekoa. URL bidez ere osatu daitezke bilaketa hauek: http://www.textreference.com/eu/es-eu/?q=no%20obstante



Kasu honetan ikusten denez, aukera desberdinak ematen ditu emaitzak, eta lehenbizi zerrendatzen dizkigu portzentaiak emanez, zein den erabiliena. Ondoren, emaitzak kontestuak datoz, testu paraleloekin. Beste adibide bat ikusteko, ea nola ematen duen Sustatu euskaratik gaztelaniara: http://www.textreference.com/eu/eu-es/?q=sustatu

Baliabide interesgarri bat, beraz, TextReference.com

Erantzun

Sartu