Teknologia albisteak

Hiru pertsonaren burmuinak konektatu dituzte eta pentsamenduak partekatu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-10-15 : 14:03

Gizakion garunak konektatzeko ametsa aspaldikoa da eta azkenaldian hainbat esperimentu egin dituzte bide horretan. Washingtongo Unibertsitateak (AEB) egin duen azken saiakeretan, 3 pertsonaren burmuinak konektatu dituzte kanpo-sistema baten bidez eta euren arteko pentsamenduak partekatzea lortu dute. Tetris partida bat jokatzen jarri dituzte zenbait hirukote, eta lortu dute, elkar ikusi gabe, lagun batek pentsatzen zuena besteen zerebrora igarotzea. BrainNet izendatu dute sistema berri hori.

Sistema ez inbasibo bat erabili dute hirukoteen arteko transmisio hori gerta zedin. Elektroenzefalografia (EEG) eta estimulazio magnetiko transkraneala (TMS) erabili dituzte horretarako. "We present BrainNet which, to our knowledge, is the first multi-person non-invasive direct brain-to-brain interface for collaborative problem solving," adierazi dute ikerlariek.

Sistema hori erabilita, ikerlariek 3 pertsonako taldetxoen zerebroak zuzeneak konektatzea lortu dute eta modu kooperatiboan Tetris partidak jokatzen jarri dituzte. Hiru pertsonetako bik bakarrik ikusten zuten Tetris jokoa eta ikusten zutenaren arabera erabaki behar zuten Tetriseko piezak biratu behar ote ziren eta norantz; erabakia hartzean, pantaila batean zituzten argi batzuei begiratu behar zieten (frekuentzia ezberdineko 2 seinale). Informazio hori EEG eta TMS bidez hirugarren jokalariaren zerebrora bidaltzen zen. Hirugarren jokalari horrek itsuan jokatu behar zuen Tetris partida, beste garunetatik jasotzen zuen informazioa erabilita.

Esperimentua hainbat talderekin probatu zen eta %82ko emaitza positiboa lortu zuten, lehenengo saiakera baterako datu itxaropentsua, ikerlarien esanetan. Hurrengo esperimentuetan sare zabalagoak probatzeko asmotan daude, hiru lagun beharrean, askoz talde zabalagoak. Dena dela, artikulua oraindik aurre-argitalpen fasean dago.

Informazio osagarria jatorrizko artikuluaren laburpenean eta ScienceAlert webgunean.

Erantzun

Sartu