Teknologia albisteak

Gure planetan sekula neurtu den tenperaturarik hotzena neurtu dute Antartikan: -98ºC

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-06-29 : 09:15

Gure planetan orain arte neurtutako tenperaturarik hotzena -93ºC-koa zen. Coloradoko Unibertsitateko ikerlari talde batek satelite bidez egindako azken neurketek, ordea, beste 5 gradutan jaitsi dute munduko errekor hori. 2004-2016 bitartean egindako neurketen arabera, Antartikako 100 puntu ingurutan tenperatura ia-ia -100ºC-ra jaitsi zen; -98ºC, hain zuzen ere. Antartikako erdi-ekialdean dagoen mendilerro garai batean jaso dituzte tenperatura horiek, mendilerro horietan dauden sakonune edo arantxo txiki batzuetan, 3.800 metrotik gorako garaieran. Dena dela, satelite bidez jasotako datuetan oinarritutako estimazioak dira, ez zuzenean lurrazalean neurtutakoak.

Colorado Boulder Unibertsitateko NSIDC  (National Snow and Ice Data Center) zentruko ikerlari talde batek eman ditu datu berriak. Duela urte batzuk -93ºC-ko tenperatura neurtu ondoren, oraingoan 5 gradu gutxiagoko tenperatura neurtu dute, gure planetan sekula neurtu den tenperaturarik hotzena, eta tenperatura ultra-hotz horiek gerta ditezen izaten diren baldintza meteorologikoen azalpen zientifikoa ere eman dute. Euren ikerketaren ondorioak Geophysical Research Letters aldizkarian argitaratu dituzte.

Antartika erdi-ekialdean dagoen lautada garai eta zabal batean neurtu dituzte tenperatura horiek. Hego Polotik oso gertu dagoen eremua da, 3.800 metroko garaierara. Ordoki horietako sakonune edo aran txiki batzuetan neurtzen dira tenperaturarik hotzenak.

Antartikako inguru hori oso leku idorra da (hezetasun erlatiboa oso baxua da) eta haizea ere oso txikia izan ohi da. Tenperatura horrenbeste jaisteko egoera perfektua, beraz. Muga-mugako tenperatura horiek 2004 eta 2016 bitarteko negu polarrean neurtu dituzte (gure uztaila eta abuztua) eta, eman dituzten datuen arabera, ia 100 aldiz jaitsi da termometroa -98ºC-ko marka horretara.

Tenperatura hauek satelite bidez neurtu dituzte, ez lurrazalean estazio meteorologikoak jarrita. Estazio meteorologiko batean neurtutako tenperaturarik hotzena oraindik ere 1983an Vostok Estazioan neurtutakoa da, -89,2ºC. Ikerketa-talde honen asmoen artean dago datozen hilabeteotan estazio meteorologikoak jartzea Antartikako eremu horietan tenperatura-datu zehatzagoak lortu ahal izateko.

Antartikatik kanpo termometroak ez dira horrenbeste jaisten, jakina, baina hainbat tokitan neurtu izan dira -50ºC inguruko tenperaturak. Wikipediako zerrenda honetan aurki ditzakezu guztiak.

Eta Omanen tenperatura minimo altuena: 42,6 ºC

Bitartean, aste honetan bertan, sekula neurtu den tenperatura minimorik altuena izan dute Quriyaten (Oman). 

Joan zen asteartean, ekainaren 26an, Quriyateko termometroak ez ziren jaitsi 42,6º-tik! Are gehiago, 51 ordu igaro zituen tenperatura horretatik gora, asteazkenean 50 gradura iritsi zelarik. Munduko errekorra da Quriyaten neurtutako hau.

150 graduko aldea, beraz, Antartikako sakonuneetatik Omango basamortura.

 

.................

Argazkia: Wikipedia.

Erantzun

Sartu