Teknologia albisteak

Kaliningradeko 'Kant uhartea' eta hiriko zazpi zubiak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-06-28 : 09:47

Gaur, ekainak 28, jokatuko da Kaliningraden (Errusia) munduko gizonezkoen futbol txapelketako beste partida interesgarri bat, Ingaletarra eta Belgikaren artekoa. Munduko kopako egoitza den hirietako bat da Kaliningrad, historia bitxia duen hiri bat, hiri alemana izan baitzen 1945. urtera arte: Königsberg.

Baltikoko kostaldeko eskualde errusiarra da Kaliningradeko eskualdea, baina ingurua, Erdi Arotik, Ekialdeko Prusia izan zen, alemanek kolonisatutako eskualde bat. 1. Mundu Gerraren ondoren Poloniak bere independentzia lortu zuenean, kostalde zati bat irabazi zuen Baltikora estatu berriak, eta Alemaniaren ekialdeko puska hura mendebaldekotik banandua geratu zen. 2. Mundu Gerraren ondoren, are aldaketa territorial erradikalagoak izan ziren, mapa honetan erakusten den bezala: Alemaniak Ekialdeko Prusia eta beste eskualde batzuk galdu zituen, eta gehienak Poloniak lortu zituen. Baina Ekialdeko Prusiaren iparraldeko zatia, laranja kolorekoa mapan, Errusian integratu zen. Hau da, ez bakarrik Sobiet Batasunaren parte, baizik eta espezifikoki Errusiaren parte, nahiz eta gertuen geratzen zitzaion "lurralde sobietarra" Lituania zen.



Ekialdeko Prusia eta Kömigsberg, beraz, alemanez hustu ziren, eta errusiarrez populatu. Izena ere aldatu zitzaion hiriari: Kaliningrad da orain errusieraz. Errusiako zabalera ikaragarri handian, aparte geratzen den mendebaldeko pusketa da.



Sobiet Batasuna desegin ondoren, Errusia izaten jarraitzen du Kaliningradek, baina nolabait iragan alemanarekiko jarrera irekiago bat dago orain, historiara eta kulturara begira behintzat. Hain zuzen ere, hiriko ibaiek hirian egiten duten uharte nagusiari izena aldatu berri diote, eta Kant uhartea deitzen diote orain, Immanuel Kant filosofo alemana bertan jaio baitzen.

Eta uharte hori dela eta, bada beste anekdota bat hiri honekin zerikusia duena: Königsberg-eko zazpi zubietako ebazkizuna. 18. mendean, Kant bizi zen garaian, zazpi zubi nagusi zituen hiriak, bere uharte horren inguruan. Zubiak planoak erakusten duen forma zuten hirian:



Eta konfigurazio horren inguruan, asmakizun edo ebazkizun interesgarri bat planteatu zuen Leohnard Euler matematikariak: ba ote da modurik, zubi guztietatik oinez igarotzeko, bakoitzetik behin bakarrik igarota?

Begiratu mapari eta pentsa apur bat. Ondoren, Wikipediako orria kontsulta dezakezu, non soluzioa euskaraz aurkituko duzun azalduta.

Azkenengo jakintza pieza ezdeusa: Euler alemana zen, baina ez Königsbergekoa, Suitzakoa baizik. Königsbergekoa, eta Kanten eskola berean ikasitakoa, beste matematikari aleman bat izan zen: David Hilbert.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago