Teknologia albisteak

Microsoft-ek motibazio argiekin erosi du Github

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-06-06 : 10:14

Aste honetako albiste teknologiko finantzieroa izan da Microsoft-ek erosi duela Github (7.500 milioi dolarretan). Lehena marka aski ezaguna da publikoarentzat, baina Github? Ba Github ere Interneteko tresna inportantea bilakatu da azken urteetan, informatikarien artean ezaguna eta globalki erabilia.

Github-en funtsa eta historia

Software bertsioak kontrolatzeko eta partekatzeko plataforma bat da Github. Plataforma asko sortu dira garatzaileek kodea liberatu ahal izateko. Erabiltzaile gusto eta ohiturak batetik bestera joan izan dira: SourceForge duela urte batzuk, gero Bitbucket eta urte batzuez Google Code (gaur egunean itxita).

Plataforma horietan gertatzen zen gauza bat zen garatzaile askok bertsioak kontrolatzeko beren zerbitzaria erabiltzen zutela eta, ondorioz, baimen kontuak asko konplikatzen zirela kode plataformetan. Konplikazio horiek konpontzeko, Linus Torvalds Linux sistema eragilearen asmatzaileak git sortu zuen (letra xehez idazten da), hau da, bertsioak kontrolatzeko sistema banatua. Kodearekin une bakoitzean zehazki zer gertatu den eta zatiren bat nork eta noiz aldatu duen jakiteko, nahiz, behar izanez gero, atzera egiteko aukera ematen duen. Torvaldsen helburua zera zen: nahi zutenek Linux sistemaren jatorrizko iturburu‐ kodea erraz «klonatu» ahal izatea ekarpenak egin ahal izateko, baina jatorrizko kodearen zerbitzariaren menpe egon edo baimenik behar izan gabe.

Eta git bere ahalmen guztietan ondoen esplotatzen plataforma etorri zen gero, GitHub. 2008an sortu zuten ekintzaile batzuek San Frantziskon eta gaur egunean miloika erabiltzaile ditu, eta miloika garapen proiektu ere. Adibidez, hona Sustaturen azpiegituraren sortzaile CodeSyntax-en Github biltegia.

Microsoft-en motibazioa

Zergatik erosi du Microsoftek software librearekin hain lotua dagoen proiektu hau? Batetik, software lizentzien salmenta Windows negozioaren ardatza da Microsoft-entzat, baina Satya Nadella nagusi berriarekin, negozioa alor horretatik beste batzuetara mugitzen ari dira, batez ere "lainoaren" kudeaketara. Lainoa da, gaur egungo informatikan, Interneteko sarean modu banatuan kudeatzen den konputazioan. Aplikazio edo webgune jakin batek funtzionatzeko behar duen konputazio-indarra ez dago almazen jakin bateko zerbitzari jakin batean, baizik eta banatua dago hainbat zerbitzari eta tokitan, eta beharren arabera malgua ere bada, "laino-zerbitzuak" eskalabilitate azkar eta eskuragarria eskaini ohi duenez.

Amazon-ek AWS izeneko laino-plataforma duen bezala, Microsoft-ek Azure izenekoa dauka, eta ez doakio batere gaizki, baina nonbait bezero korporatibo handien kontu aberatsetara dago lotua. Amazonek, ordea, kontu handiak izateaz gain, milaka garatzaile txikiagoen konputazio beharrak ere asetzen ditu bere lainoarekin, eta Interneteko beste bi erraldoik ere, Google eta Applek, bereziki mugikorren Android eta iOS-iTunes inguruneak kontrolatuz, garatzaile kopuru ikaragarri handi eta anitzen beharrak asetzen dituzte.

Plataforma mugikorren borrokan ia amore emanda dagoenez Microsoft, lainoarenean berdina ez gertatzea bilatzen omen dute, eta horretarako garatzaile eta proiektu komunitate handi hori etxean izatea baliagarri izan daiteke. Zentzu horretan, analista batzuen iritzia da Microsoft-ek laino-zerbitzuen gehigarri bat emango diola GitHub-i. Era horretan, GitHub-en kodea eta garapena zentralizatzeaz gain, softwarea bera "korritzen" jarri eta bertantxe hedatzea luzapen onuragarri bat izan daiteke, bai garatzaileentzat eta baita laino-zerbitzu hori ematen duen Microsoft-entzat.

CodeSyntax-en biltegiaren kasuari begiratura: kode eta garapen horiek GitHub-en daude, baina softwarea bezero eta proiektuentzat lanean, Amazonen AWSn eta beste laino-zerbitzarietan dauka. Github-Microsoft-en laino-ostatatze zerbitzuak iristen badira, aztertu beharko da, bezeroentzat onurarik baduen, prezio, kalitate-kontrol eta eguneratze-gaitasunaren ikuspegitik, ea trantsizioa aprobetxatuko den ala ez.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago