Teknologia albisteak

Volcán de Fuego (Chi'gag) sumendian isuri piroklastikoak eta laharrak izan dira

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-06-05 : 09:34

Joan den asteburutik Guatemalako Volcán de Fuego sumendia (Kachikel hizkuntzan, Chi'gag) izaten ari den erupzioan hodei piroklastikoak gertatzen ari dira, eta horren ondorioz baita ere lokatza beroko abalantxa erraldoiak, lahar direlakoak. Fenomeno horiek estali dituzten herri eta komunitateetan hildakoak ugari izan daitezke, oraingoz ofizialki zenbatu dituzten 60-70 lagunak baino gehiago, tamalez.

Hodei edo isuri piroklastikoa erupzio bolkaniko batzuen ondorio suntsigarria da, non gas eta arroka isuri laster eta beroa sumenditik irteten den. 700 km/h abiadura har dezake eta 1000 °C-ko tenperatura. Hodeiak lurra jo eta maldan behera isurtzen da grabitatearen eraginez, elurjausi edo abalantxa baten antza du hortaz, eta abiadura isuriaren dentsitatearen eta maldaren araberakoa da. Ikus bideo hau, Japoniako Unzen mendikoa, 1991ekoa. Biztanleria ebakuatua zegoen, baina 43 zientzialari eta kazetari hil ziren.



Volcán del Fuego delakoan gertatu da halakorik, eta hodeiaren azken muturrak kamerekin bat egin duen uneak ere hartu dituzte kamerek. Bideo honetan badirudi lainoa ez dela hain hilgarria puntu horretan, baina auskalo hori baino lehenago estali dituen parajeetan.



Guatemalatik datozen irudietan igartzen den beste fenomeno bat lahar delakoa da: haranak lokatza kapa izugarriekin estalita geratu dira. Lahar esaten zaio fenomeno honi, eta Indonesiako javera hizkuntzan du jatorria. Elurrak zuritutako sumendietan gertatzen dira, elurra eta izotza urtzean uholdea batu daitekeelako sumendiko hauts eta isuri piroklastikoarekin, baina beste kontestu batzuetan ere gerta daitezke. Ez dirudi sasoi honetan elurrik izango zenik Volcan del Fuego (urtarrilean gerta zitekeen), baina euri denboraldia dute Guatemalan eta horrek izango zuen eragina.


Volcán de Fuego 3.763 metroko sumendia da, eta erupzio asko izan ditu garai historikoetan, isuri piroklastikoak eragin dituztenak barne. Kakchikel hizkuntzan Chi'gag esaten zaio, "Sua den tokia" edo "Su-tegia" nolabait. Sumendiaren inguruko Chimaltenango eta Sacatepequez eskualdeetan Kakchikel maiak eta ladinoak (gaztelaniaz mintzo diren guatemalarrak) bizi dira.

Erantzun

Sartu