Karbohidrato, gantz, proteinak eta plastikoak jaten ditugu, egunero. Plastikoaren aroan bizi gara. Material xaflakorra da eta pisu arinekoa; gainera, kostu baxua du. Abantailak jakinak izan dira teknologiaren iraultzan. Arazoa non dago? Arduragabeko erabileran. Elikadurari dagokionez, gehiegi erabiltzen da: erosteko poltsak, produktuen bilgarriak eta etiketak, ur-botilak, tapoiak, lastotxoak, film plastikoa… adibide gutxi batzuk dira. Jaten dugun plater bakoitzeko 100 partikula plastiko jaten ditugu eta 18 partikula ur litro bakoitzeko. Erronka bikoitza proposatuko dizuet: 1) erosketak egitean eraman potoak edo oihalezko poltsak pisura erosteko; 2) hondartzara edo mendira zoazenero, jaso bizpahiru plastiko-hondar eta bota itzazu edukiontzi egokira. Eman zaplastekoa plastikoari! #plastplastikoari.
Munduan zehar, minuturo, zabor kamioi bat husten da itsasoan, eta zaborraren zati handi bat plastikoa da). Suntsiezina izateko sortuta izan arren, polimeroak mikroplastikoetan zatikatzen dira eta bazka-sarera igarotzen dira. Plisti-plasta plastikoen artean, arrainak dira kaltedunak, arnasterakoan eta elikatzerakoan zuzenean metatzen dituztelako. Eta bueltan, guk gure hondarrak jaten ditugu. Baina hartzen duguneko gehiena, airetik gure platerara doa zuzenean: 100 partikula plater bakoitzeko eta 18 partikula ur litro bakoitzeko. Europako txorrotako uraren % 70 kutsatuta dago, baina hura saihesteko botilaratuta erostea ironikoa litzateke. Erabilera bakarreko botilak, 500 urte behar dituzte deskonposatzeko; tapoiak betirako diren bitartean. Greenpeace-datuen arabera, edukiontzietara bota arren, % 15a soilik birziklatzen da; % 45 erretzen da eta soberakoa, zabortegi eta itsasoetan bukatzen du.
|
Bidoi: itsas hondoan amaitu |
Negutegi: 500 urte |
Lata: 10 urte |
Tetra-brick: 30 urte |
Tupper: 500 urte |
Txikle: 5 urte |
Film: 100 urte |
|
Unicel: 100 urte |
Kapsula: 100 urte |
Edalontzia: 1.000 urte |
Ur-botila: 500-1.000 urte |
Lastotxo: 800 urte |
Tapoia: betirako… |
Elikadura-ontzietako plastiko erabilera zalantzan jarri da, ere bai. Estaldura denon ahotan bukatzen du. BAT, zuzeneko kontaktuan, elikagaia ontzi barruan berotzean. BI, iraupen luzeko kontaktuan, kontserbazio epe luzea duten elikagaietan. Eta HIRU, koipetsu eta prozesatutako produktuetan; gordin eta izoztutako janarietan ez bezala. Bestalde, ontzietako jatorridun kimikoak (toxikoak) jaten ditugu: kola (lekeda), metalak, bisfenol A (BPA), ftalatoak, koloratzeko tinduak… Hala ere, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera, intoxikazio zorrotzik jasatzeko arriskurik ez dago; baina epe luzerako efektuak aztertzen ari dira: minbizia, emankortasun-galera, esaterako.
Egoera honetara iritsita, zaila da aldatzen, baina ez da ezinezkoa. Nork du ardura nagusia? Ekoizleek —adarjotzea— eta jaki-enpresek bereiziki, bilgarri irrigarriak saihestuz; gobernuek araudiak ezarriz; baina kontsumitzaileok, ordea, zerk esana dugu: haiek ez erosiz, eta erabilitakoan, ondo berrerabiliz edo birziklatuz. Plastikozko-poltsen kontrako borrokan urteak daramagun arren, 120 unitate darabilgu urtero. Uztailaren batetik aurrera, merkatuetako zorroak ordaindu beharko dira derrigorrez; salbuespen izango dira: arinak (<50 mikra) edota birziklatutako jatorrikoak (> % 70). Hain minutu gutxi erabiltzeko sortuak direnak, 400 urte desagertzeko behar dituzte. Horrela, ez da deus aldatuko.
Erronka proposatuko dizuet. Batetik, eraman potoak edo oihalezko poltsak pisura erosteko. Eta, bestetik, hondartza, baso edo naturaz gozatzera zoazen bakoitzean, 1, 2, 3 plastiko-hondar jaso eta edukiontzi egokian bota itzazu. Elkarte askok mugimendua zabaldu dute, eta guk ere gure aletxoa jarri nahi dugu. Argazkia gurekin zabaltzera animatzen zaitugu, ea, horrela, efektu kutsakorra —baikorra— lortzen dugun. Eman zaplastekoa plastikoari! #plastplastikoari.
Jatorrizko artikulua: Plisti-Plasta-Plastiko, EATGIRL vs ITGIRL, Blogak.eus
Erantzun
Sartu