Teknologia albisteak

Lokuzio eta esakunak aurkitzeko altxorrak sarean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-04-30 : 09:08

Hiru izen propio daramatzaten fondoak dira, Justo Mokoroaren bilketa (Ortik eta emendik), Gotzon Garateren Atsotitzak, eta Intza Proiektua (Euskal lokuzioak sarean), Damaso Intzaren izena daramana baina egiazki Koldo Izagirreren lana dena funtsean. Bakoitzera heltzeko laburdurak sortu ditugu, labur.eus/mokoroa, labur.eus/garate eta labur.eus/izagirre.

Interneten agertu zen lehena Gotzon Garateren Atsotitzak proiektua izan zen, BBK desagertutako aurrezki-kutxaren babesarekin iAmetza taldeak egin zuen bezala, hantxe dago sarean oraindik, euskarazko, latinezko, gaztelerazko eta ingelesezko hainbat esakun bilduz.

Azpiegitura eta bilaketa-modu zaharkitua izango du webguneak agian, baina ibili badabil, eta esamoldeak aurkitzeko oso baliagarria da. Lapurretekin zerikusia duten terminoak aurkitzeko, bila dezagun ladrón gaztelaniaz, eta esaera interesgarri asko aurkitzen ahal ditugu, hizkuntza batean zein bestean. Gaztelaniaz, adibidez, atsotitz ezaguna dugu hau, "Piensa el ladrón que todos son de su condición". Ba bere baliokideen artean hor ditugu, Gure katuak isatsa luze, besteak hala direla uste edo Gure zakurrak muturra luze, besteek hala dutela uste.

Gauza bera (ladrón) bilatuz Mokoroaren datubasean, antzekoak aurkitzen ditugu: Axeriak buztana luze; bera bezala bertzeak uste. Eta beste esanahi batekin, hara bat polita, Lapurr aundiak txikiaren enbidie, batzuen gose lapurtiak ez duela asetzerik...

Garaterenean lau hizkuntza biltzen dira, eta Mokoroarenean bi, baina bietan frantsesa falta da. Baina Intza Proiektuan egon badago frantsesa. Koldo Izagirrek 1981ean prestatu zuen Euskal Lokuzioak liburuaren eguneraketa informatikoa da Intza Proiektua. Bere garaian, argitaletxeak liberatuta ere egon Izagirre liburu hura prestatzeko (sinesten zaila dirudi 2018ko ikuspegiarekin), eta Armiarma proiekturako berreskuratu zuten ideia 21. mendean, Joxan Elosegi eta Josu Landaren laguntzarekin.

Lan honetan ez da agian errefrau konpletorik biltzen, baina bilaketa praktikoa du, eta hizkuntzen araberako esamolde zerrendez gain, aurkibide tematiko bat ere badu. Horrela, ladrón hitza bilatu gabe ere Lapurreria terminoan makina bat esamolde aurkituko ditugu. Justo Mokoroaren Ortik eta Emendik lana ere gaien araberako sailkapen konplexu batekin zegoen antolatua, baina Interneterako bertsioan ez da hori ageri eta tamalez bilaketa trakets samarra da.

Erdaraz termino bat jakin dakigunean baina aldaerarik topatzen ez dugunean, praktikoa izan daiteke baliabide hauek kontsultatzea aldaera topatzeko. Adibidez, "por las nubes" esaera gaztelaniaz. Intza-Izagirrerenean aldaera bat topa dezakegu, famatu edo laudaturen sinonimoa: Hodeietan gora altxatu. Mokoroarenean, ez bakarrik gorespeneko adiera, garestitasunaren ere aurki dezakegu: Bizimodua zerutan dago / Bizimodua goibeletaraino igo da (asko garestitu dela guztia).

Frantsesezko termino bat kontsultatzeagatik (Intza-Izagirrerenean), Bayer aux corneilles, euskaraz esan dezakegu: babian bizi; esku bateko behatzak banatzen egon; eulikeriatan egon; izarrei begira ego; kukusoak hiltzen ari...

Lastima da nolabait hiru baliabideak hain egitura eta plataforma desberdinetan egotea. Iraungo ote dute hurrengo urteetan? Garateren lana, adibidez, behin ordaindu zen laguntza batekin dago sarean, eta borondatez irauten du hor, pentsa dezakegu. Mokoroarena ere, kontsulta daiteke, baina... noren esku ote dago bere datubasea? Hezkuntza Sailak mantentzen duen Hiru proiektuaren baitan dago sartua... Intza proiektua, behintzat, XML estandarrean egituratua ere badago eta horrela jaitsi daiteke, berrerabiltzeko aukera emanez.

Bestalde, Cervantes Instititu espainiarrak (gaztelaniaren sustapenerako erakundea) iragarri zuen bere garaian esakunen beraien datubasean integratu zutela Gotzon Garateren bilduma, baina ez da egia, edo oso maila murritzean egin zuten. Begira gorago aipatu dugun errefrauak, bilaketa bidez ze emaitza murritza ematen duen Cervantesenean, Garaterenean dagoen eduki aberatsarekin alderatuta.

Loturak

Hiru biltegiak:

Iturri hauetatik eta beste batzuetatik edukia bilduz, Maite Goñi irakasleak EsaeraJatorrak.com webgunea elikatu zuen urte batzuez. Orain geldi dago. baina edukia interesgarria dago han duda barik.

Izen propioak:

Erantzun

Sartu