Teknologia albisteak

Sant Esteve de les Roures (edo Doneztebe-Hariztieta), fikziozko herri independentista katalana

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-04-21 : 13:20

Goardia Zibilaren txosten batean agertu zen, martxoan, Sant Esteve de les Roures herri katalana. El Mundo egunkariak jaso zuen albistea, Goardia Zibilak 315 ekintza biolento ziurtatu zizkiola Auzitegi Gorenari, horietako batzuk, bereziki larriak, aipaturiko herrian. Baina Sant Esteve de les Roures ez da esistitzen. Asmatutako herria da... edo izan da, orain Interneten bizi-bizi baitago, Twitterreko hainbat konturen bidez bizia hartu du herriak.

Zenbait txantxa eta memeren ondoren, herriaren izena Twitterreko fenomenoa bihurtu da. Lehenbizi, ustezko herriaren udalaren kontua sortu zuen baten batek, eta kontu hori Goardia Zibilarekin berarekin jarri zen txio-trukean, besteak konturatu gabe.

(udalaren logotipoa)

Udalaren ondoren, sekulako erakunde piloa sortu da Sant Esteve de les Rouresen: bi unibertsitate (@univ_st_esteve eta @unisedr), elkarte sardanista bat (@AgSard_StEsteve), partikula atomikoen azeleragailua (@CERNsedr, Suitzako CERN ospetsuari lotua), liburutegia (@bibliosedr), apezpikua (@SedeEpiscSSteph), Islamaren Etxea (@islamic_de), egunkari (@laveudesesteve) eta telebistak (@RouresTV eta @RTV_StStvRoures), jatetxe turkiarra (@KebabRoures), Starbucks (@StarbucksRoures), espazio agentzia (@aese_roures), aireportua (@aeroportroures), suhiltzaileak (@bmbrs_SntStvRrs) eta baita Goardia Zibilaren unitate propioa bera ere.

Bilduma bat hemen ikusi daiteke. Fenomenoak hedabide eta iritzigileen arreta erakarri du. Quim Monzo idazlea zabalkunde handia egiten ari da Twitterren, eta beste batzuk "estructura de estat" iritzi diote herri imaginarioari.

Twitterreko kontuez aparte, beste era bateko memeak ere sortu dira. Sant Esteveko hondakin arkeologikoen artean aurkitutako kapitel erromaniko hauena oso ona da, adibidez.

Eta Euskal Herritik ikusita...

Disparate honek badu aurrekaria Euskal Herrian. 2009an webgune batek Arralden kokatutako presoen aldeko ekitaldi baten berri eman zuen, eta ekitaldia debekatzeko eskaera baten aurrean, Baltasar Garzonek espreski baimendu zuen Goenkaleren herrian gertatu beharreko hura. Hona albiste hura Sustatun.

Euskaraz ematekotan, Sant Esteve de les Roures, Doneztebe-Hariztieta edo antzeko zerbait litzateke (roure haritza da katalanez). Akaso ideia emango diogu baten bati izen horrekin Twitter kontua sortzeko... beste hizkuntza batzuetako "herri faltsu txiolariak" sortu dira, izatez. Hor dugu, adibidez, Santo Stefano delle Querce italierazkoa.

Erantzun

Sartu